inaki petxarroman
Analisia

Itzuliko dute

2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren eta kaleko erabileraren neurketaren datuek agerian utzi dute errealitate gordin bat: euskararen erabilerak goia jo du, eta, orain arteko joera aldatuz, erortzen hasteko arriskua dauka.

30 urteotan asko aurreratu dute euskalgintzak eta euskarak. Gaur egun, duela hiru hamarkada helduezin zituzten eremuetara hurbiltzea lortu dute euskaldunek: unibertsitatera, hedabideetara, zientziaren mundura, teknologia berrietara, erakundeetara... Baina, hala ere, oraindik ere hizkuntza gutxitua da, eta Unescok desagertzeko arriskuan diren munduko hizkuntzen zakuan sartuta dauka.

Inkesta eta analisi guztien ondorioa argi dago, atzera egiten hasi nahi ez bada, behintzat: euskararen erabilera bizkortzen hasteko neurri ausartak hartu behar dira. Ez da nahikoa herritarren borondatezko atxikimenduarekin bakarrik. Norberak hartu behar ditu iniziatiba, konpromisoa eta ardura. Baina eremu publikotik ere lagundu eta bultzatu behar da norbere ekimen hori. Horregatik, aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazitako neurriak bide egokian hartutakoak dira. Neurri horiekin ere gerta daiteke euskarak ahultzen jarraitzea, eta, akaso, belaunaldi batzuen ondoren baita desagertzea ere. Baina jite horretako neurririk gabe, ia ziur, euskararenak egin du.

Aldundiak erabakitakoak prestigioa eta erabilgarritasuna ematen dio euskarari. Diglosiaren ohiko eremu itxien hormetan pitzadura bat sortzen du, egunen batean zulo handiago bat egingo den esperantzan. Euskara plaza publikora eramaten du, agintarien ohiko adierazpen eta lan hizkuntza bihurtzen du. Lan deialdietarako beharrezkoa den tresna dela frogatzen du. Alemana, ingelesa, txinera eta atzerriko beste batzuk bezala, ikastea merezi duela eta lan munduan sartzeko ere baliabide egokia izan daitekeela erakusten du, eta, gainera, jaioterrian bertan, emigratu behar izan gabe.

Euskaltegiek joan den astean jakinarazi zuten lau ikasletik bat galdu dutela aurtengo matrikulazioetan, eta azken urteotan euskarari izen ona kendu izanari leporatu zioten joera kezkagarri hori. Euskaraz ez jakin arren mediku onak behar direla esan izan duten agintariek jaitsiera horretan duten erantzukizuna nabarmendu zuten euskaltegiek.

Gipuzkoaren neurriak ur korronte horren kontra arraun egiten du. Horregatik bildu du iseka eta iraina oposizioaren aldetik. Taliban, nazi eta originaltasunik gabeko beste hamaika harribitxi entzutea tokatzen da orain. Halakoz beteta dago Euskararen Liburu Beltza. Ez dio axola. Liburuak euskaraz idazten jarraitzea da bidea, 500 milioi irakurlerengana beharrean 500 milarengana baino ez direla iritsiko jakinik ere. Edukiek merezi badute, itzuliko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.