Azken turistak eta inguruko herritarrak eguzkitan daude. Irratia dance musika hedatzen ari da, tartekako publizitate etenekin: «Katalunia, Europako estatu berria», «independentzia askatasuna da». Dena prest dago Kataluniako Festa Nazionaleko manifestaziorako. Hondartzaren ondoko hotel bateko bozgorailuak ezkontza zibil baten zeharkako lekuko bihurtu ditu udatiarrak. Emaztegaiaren lagun batek hartu du hitza, ohiko hitzalditxoan bikotearen harremana deskribatzeko: «Eta Joanek, bai, hitz bakar batekin maitemindu zuen…».
Kataluniako Asanblea Nazionalaren ekitaldiak arrakasta izugarria izan du eta politika mundua astindu du, bertan eta Espainian. Asteartean Bartzelonan Kataluniaren independentziaren alde egindako manifestazioak marka guztiak hautsi ditu. Milioi eta erdi edo bi milioi lagun, berdin dio: gizarte katalanak borondate garbia erakutsi du burujabetza politikoaren alde egiteko. Hamaika arrazoi argudiatu ahal dira katalanen erantzuna azaltzeko. Denetarik egongo da, baina hau ukaezina dugu: milioi bat lagunek baino gehiagok parte hartu dutela Kataluniaren independentziaren alde antolatutako manifestazioan. Horri garrantzia kentzen saiatzea eta manifestazioa independentista ez zela esatea itsukeria da. Edo oportunismoz jokatzea. Horixe egin du Josep Antoni Duran i Lleidak, Unio Democratica de Catalunyako buruak. Independentista ez denez eta, azkenean, gurdira igotzea erabaki duenez, izaera independentista kendu nahi izan dio martxari: «Manifestazioa jadanik ez da independentista». Bere presentzia hutsak manifestazioaren helburua eta leloak aldarazteko balio balu bezala. Duran i Lleida, nonbait, leku eta une zuzenetan egon zen asteartean. Harekin batera Bartzelonako kaleetan ibilitako milioitik gora lagunak, aldiz, oker zeuden; ez zekiten non zeuden ere. Tontoak dira, antza. Hara zer gerta daitekeen politikako patrizio batek Madrilgo Ritz hotela izaten duenean ostatu: errealitatearen zentzua galtzen du, eta besteen gainetik dagoela pentsatu.
PSCkoak, aldiz, Duran i Lleida baino umilago eta zuhurrago aritu dira. PSCko lehen idazkari Pere Navarrok alderdiko sektore katalanistaren aurka egindako barne aldaketek ez dute eragotzi sozialista batzuek manifestazioarekin bat egitea. Mobilizazioa «soilik independentista» ez zela esan dute parte hartzea defendatzeko. Joaquim Nadalek independentziarako arrazoiak badaudela adierazi du El Punt-Avui egunkariari eskainitako elkarrizketan, nahiz bide orria argi ikusten ez duen. PSCko talde parlamentarioko buru berri Xavier Sabatek —teorian sektore ez katalanistakoa, oposizioko buruaren postuan Nadal katalanista ordezkatu duena—Kataluniaren independentziari buruzko erreferenduma egiteko eskatu du. Sabate federalista da, eta ez dirudi independentziaren alde egingo lukeenik, baina bozkatzeko eskatzea nahikoa da Kataluniako sozialisten eta hemengoen arteko aldea nabarmentzeko.
Toni Batistak pasadizo esanguratsua kontatzen du PSE-EEko kideei buruz. 1999ko ekainaren 11n Donostiara etorri zen kazetari katalana, udal hauteskundeen kanpainaren bukaerari buruz idazteko. Egun hartan Odon Elorzaren aldeko afari batean izan zen, Maria Cristina hotelean. Pasqual Maragall zen kanpaina amaierako ekitaldiko izarra. Halako batean PSE-EEko orduko idazkari probintzialak—«ustez baskista», Batistaren hitzetan— hauxe galdetu zion Maragalli: «Aizu, eta erreferendum bat egiten badugu eta independentziak irabazten badu, zer egin beharko dugu?». Handik lau urtera Generalitateko presidentea izango zenak zirkinik egin gabe erantzun zion: «Ba, emaitza onartu».
Zeremonia amaitu da, baina bozgorailuak ez du misterioa argitu: inork ez du jakin Joanek zein hitz bakarrekin maitemindu zuen orduko neska, gaurko emaztegaia, oraingo emaztea. Ez gonbidatuek, ez udako azken eguzkiaren zaleek.s
Darwin eta gu
Joanen hitz bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu