Krisi ekonomikoaren itzalpean egingo dira azaroaren 20ko hauteskundeak. Burtsek asteburuan atsedena hartu arren. PPk zenbat aldiz lotu du Espainiako finantza ezegonkortasuna Zapateroren gobernuaren jarraipenarekin? Zenbat aldiz eskatu du hauteskundeak aurreratzeko ezegonkortasun eta arrisku ekonomiko horiek amaitzeko? Maiz egin du azken urtean. Are gehiago, Zapaterok uztailaren amaieran hauteskundeak aurreratuko zituela eta hauteskundeak azaroaren 20an izango zirela jakinarazi zuenean, PP ez zen kontent gelditu, eta abuztuko krisialdiaren harira gehiago aurreratzeko eskatzera iritsi zen.Kanpainan etengabe errepikatu du «zulotik» ateratzeko gobernua aldatu behar zela. Baina hurbildu da hauteskunde eguna, inkesta guztiek diote PPk irabaziko duela eta Raxoi hurrengo gobernuburua izango dela, eta Espainiako arrisku sariak errekorra hautsi du. Iritsi da kontraesanen ordua kanpainaren amaieran: eta egoera ekonomikoaren ardura Zapateroren gobernuak ez balu izango? Eta Raxoi gobernatzearen aurreikuspenak merkatuei konfiantza eman beharrean zalantza eragiten badie? Eta PP gobernura iristean tunelaren amaieraren argiarekin topo egin beharrean tren bat agertzen bada?
EAJren kasuan, kanpainaren ardatz nagusietako bat Madrilgo Kongresuan lortutakoa erreibindikatzea izan da. Kongresuan izan duten presentziaren emankorra etengabe goretsi dute (transferentziak, inbertsioak, diru laguntzak...). PPren gehiengo osoa iristen bada negoziazio ahalmen hori ketan joan daitekeela alde batera utzita, EAJ bere buruarekin sartu da kontraesanetan kanpaina amaieran. EAJko Gipuzkoako zerrendaburuak berak zalantzan jarri du Madrilen egindako lana, Bildu uholdeen kalte-ordainak eskatzera Madrilera joateagatik kritikatu duenean.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaia, DV-ri eskainitako elkarrizketan, orain arte Espainiako Gobernuak eta alderdi sozialistak esandakoarekin kontraesanean sartu da, baina, kasu honetan, nahiz eta berandu izan, eskertzekoa da: «Begi bistakoa da terrorismoaren kontrako politika aldatu beharra dagoela».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia
Kontraesanen ordua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu