Felix Zubia.
Iritzia

Koronabirusa eta gu; gizarte itun zabal bat behar dugu

2020ko martxoaren 22a
13:27
Entzun

Lantxo hau gaur idatzia dago, martxoak 22, bizi dugun egoera larria ikusirik, eta etorriko den egoera aurreikusiz. Mundu mailako pandemia baten erdian gaude, gure gizartea arriskuan jartzen ari dena, alderdi guztietatik. Nik, medikua izaki, osasunaren alderdiari begiratzen diot bereziki, baina baditu bestelako alderdi asko ere. Horregatik, gizarte itun handi baten beharra dugula adierazi nahi nuke, herritar guztioi eragiten diguna.

Osasunaren aldetik, eta erantzunik gabeko galdera asko ditugun arren, biztanleen %60-70 birusarekin harremanetan egongo garela diote adituek. Haietatik %80k sintomarik gabe igaroko dute gaitza, eta sintomak dituzten kasurik ia gehienak arinak izango dira. Beraz, norbanakoaren aldetik, arriskua oso baxua da, portzentajeak begiratuz gero. Baina gizarte osoa kontuan hartzen baditugu, kutsatuak eta hildakoak asko eta asko dira eta izango dira. Orain arte, gaitzaren atzetik joan gara; gaur ikusten ari garen kasu larriak orain 15 egun inguru hartuak daude. Txertorik eta tratamendu eraginkorrik gabe, pertsonen arteko distantzia da neurri eraginkor bakarra, isolamendua. Isolamendua egokia izan dadin, ezinbestekoak diren zerbitzuak izan ezik, lantegi guztiak geratu beharra daukagu, osasun ikuspegi batetik, gaitza hedatu ez dadin. Berriz diot, norbanakoaren ikuspegitik baino gehiago, osasun eta gizarte ikuspegitik. Eta denok isolamendua ondo bete, tranparik gabe, elkar babesteko.

Nabarmena da honek eragin ikaragarria izango duela gizarte guztian. Eta horregatik behar dugu itun zabal bat, denok parte hartuko duguna. Ni medikua naiz, eta ez dakit neurri guztiak xehatzen. Baina dakitenei dei egiten diet, horretara jar daitezen, beharrezkoa dugu eta.

Gobernu eta sindikatuei, eta langile guztioi, izango dituen eragin ekonomikoen aurrean, arduraz eta eskuzabaltasunez joka dezagun. Lanpostu asko galduko dira, eta pertsona horien eta familia horien babesa ziurtatu beharra daukagu. Eta behin pandemia pasatuta, denok eman beharko dugu zerbait. Gobernuek beren aurrekontu guztiak berrikusi beharko dituzte, lehentasunak garbi jarriz. Enpresek gutxiago irabazi beharko dute aurten, zintzoki jokatuz. Eta langileok, boteprontoan ari naiz, opor egun gutxiago izan beharko ditugu agian, edo urteko lanordu kopurua handitu, krisiak ahalik eta kaltetu gutxien eragin ditzan. Berriz diot, itun baten barruan, eta zertan eta zergatik ari garen jakitun.

Irakaskuntzan izango den kaltea ere handia izango da. Irakaskuntza birtualak arazo nabarmenak eragiten ditu, nahiz eta irakasleok horretan lan gogorrean aritu. Behin pandemia pasata, ikasturteak luzatu beharko dira, ikasleek, eta ondorioz gizarte guztiak, galerarik izan ez dezaten.

Eta sektore bakoitzean, antzerako zerbait. Lanerako garaia da. Jar gaitezen lanean, itun zabal bat lortu dezagun. Besarkada handi bana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.