Pastor
Darwin eta gu

'Laika' ametsetan

2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Lasse Hallströmen Mitt Liv som Hund filmean (Nire txakur bizitza) Laika txakur emearekin konparatzen du bere burua ume protagonistak. Istorioa 1959ko Suedian dago girotuta. Bi urte lehenago, sobietarrek Laika jaurti zuten espaziora, gizakientzako lehen espazio bidaiak prestatzeko. Bidali eta zazpi ordura hil zen Laika. Ingemar, hamabi urteko mutikoa, triste bizi da. Ama hiltzeko zorian dago, eta anaia nagusia ez da bereziki gozoa. Kontsolatzeko, Laika txakurraz gogoratzen da. Bai, bada berea baino patu tristeagorik.

Hamabi urte inguru izango ditu irratira aholku eske deitu duen neskatoak ere. Urtebetetze eguneko festa egingo du, eta gonbidatuen artean gustukoa duen mutiko bat dago. «Nola esango diot gustatzen zaidala?», galdetu dio esatariari, urduri. Bera ere galduta dago une honetan. Bere bizitzak txakur bizitza dirudi.

Nolakoa da txakurren bizitza, ordea? Aspergarria, antza. Eta negozio iturria. The Huffington Post egunkariaren arabera, San Diegoko enpresa batek DogTV txakurrentzako telebista sortu du, egunero zortzi orduko emanaldia eskaintzen duen kable bidezko katea. Horrela, jabeak lanera doazenean, txakurrei telebista piztuta utzi, eta bakea. Haurrei igande goizetan egiten zaien bezala, gurasoen logelara ezustean ez agertzeko izaren arteko izerdialdiak eteteko.

The Huffington Post-eko artikuluan argazki bat dago: txakur bat adi-adi, telebistari begira. Pantailan beste txakur bat ageri da. DogTVko emanaldiak lasaigarriak dira: ez Rin Tin Tin, ez Scooby-Doo, ez Tintinen Milou. Ekintzarik ez, ikuslea —txakurra— sobera ez aztoratzeko. Gilad Neumann enpresako buruak adierazi du programa «txakurren ikuspegitik» sortzen dutela. Horretarako, belauniko jartzen dira kameralariak, «hartualdi geldoak» egiteko. AEBetako 46 milioi etxetan dituzte txakurrak. Jadanik milioi bat lagunek erosi dute DogTVren zerbitzua. Mary Catania dugu horietako bat: «Errudun sentitzen naiz lanera joan eta txakurra bakarrik uzten dudanean. Ez dut seme-alabarik, eta umea balitz bezala tratatzen dut».

San Diegoko txakurra telebistaren aurrean lokartzen ari da, pantaila barruko txakur dotoreari so. Baina txakur dotore hori Santa Monicako etxean dago jadanik, telebistako beste txakur pinpirin bati begira. Gaur, estresatuta dago, lau orduko haurtualdiak izan dituelako «kameralari txakur horiekin». Ez du ezagutzen telebistako txakurra. Zein da? Berari baino oilasko eta arroz gehiago emango diote jateko? Elite dog food markakoa, gainera? Intziri moduko soinu leuna egin du. Jabeak kexua ulertu eta pilula bat eraman dio, Bourbon batekin. San Diegoko txakurra lokartu egin da, eta amets egin du, amets Laika-rekin. Berak ere baduelako Laika-ren berri, telebistan agertu ez arren. Txakurrek, gizaki batzuek ez bezala, amets egiten dutelako oraindik. Guk txakur-ametsak deitzen diegu geure ameskeriei. Txakurrek gizaki-ametsak deitzen diete haien amesgaiztoei.

Txakurrak gizaki bihurtzen ari gara. Ile-apaindegira eramaten ditugu. Jantzi egiten ditugu,antidepresiboak eman... Baina txakurrak deprimituta daude ala geuk deprimitzen ditugu pertsona bihurtu nahian? Txakurrak gizaki bihurtzen ari gara; eta gizakiak, txakur. Txarra da hori. Edo ona, nondik ikusten den. Txakurrekin esperimentuekin bukatu eta gero, sobietarrek Yuri Gagarin bidali zuten kanpo espaziora, 1961ean. «Oraindik ez dakit espaziora doan lehen gizona edo azken txakurra naizen», esan zuen. Gagarin espaziora bidali eta zazpi urtera hil zen, hegazkin militar bat pilotatzen. 34 urte zituen.

Irratiko esatariak aholkua eman dio neskatoari. «Ba, festa amaitutakoan galdetu lagun horri gustatu zaion. Eta baietz erantzuten badizu, esan beste bat egingo duzula laster, eta etortzeko». Kazetariak kementsua izateko esan dio gaztetxoari. Elkar agurtu dute. Eta nerabearen barre herabeak zimur bat lisatu dio entzulearen bihotzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.