Pastor
Darwin eta gu

Laudrupen zergak

2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako kazetari batek Danimarkako presio fiskalari buruz galdetu zion behin Michael Laudrupi. Zergetan gehiegi ordaintzen omen zen bertan, ados zegoen edo. Jaioterriko zerga sistema egokitzat jo zuen futbolariak, zergen dirua herritarren ongizatea bermatzeko dela argudiatuz. Berak gustura ordaintzen zuen.

Zergak gustura ordaindu? Hemengo edozein herritarrek—ez soilik futbolari aberatsek— nekez ulertuko lituzkete Laudrupen hitzak. Kultura edo pentsaera kontua da. Hego Europan eta Ipar Europan ikuspegi diferenteak ditugu zergei buruz. Laudrupen pentsaera eta jokaera erantzukizun kolektiboan errotzen dira. Max Weberrek aztertutako etika protestantearen ezaugarriak dira, lanaren eta arduraren garrantzia nabarmentzen dutenak. Han ere badira zergetan iruzur egiten dutenak, baina gizarteak ez ditu txalotzen. Gurean, bai. Hemen oso sinpatiko zaizkigu iruzurgileak, picaresca espainolaren tradizioan. Batzuetan, amnistiatu egiten ditugu.

Esaten dute Alemanian, proportzioan, hemen baino politikari gutxiago daudela. Hau ere esan beharko lukete: iruzurraren kontrako teknikarien kopuruak hemengoa bikoizten duela. Eta han iruzurgilea ez dela salbatzen. Justiziak berdin tratatzen ditu iruzur egiten duen langile xumea edo aberats handiena—galdetu, bestela, Steffi Grafen aitari, zenbat lasaigarri hartu behar izan zituen alaba tenislariaren kontuekin garbi ez jokatzeagatik kartzelan pasatu zuen denboran—. Hemen zergak ordaintzea ahaztu egiten zaigu eta ezer ez da gertatu: diputazioari arte lan batzuk eman, eta kito. Fini.

Espainian eta hark administratutako Euskal Herrian ez dugu oso barneraturik erantzukizun sozialaren kontzeptua. Zerbait ematen dugunean penaz edo, gehienez, elkartasunez egiten dugu, ez erantzukizun sozialez. Hemen klan moduan funtzionatzen dugu: gure administrazioa etxekoak dira, familia. Eta lagun hurkoenak. Izan ere, horiexek ditugu sostengu, estatuaren benetako babes sendoaren ezean. Zergak gizartearen ongizaterako dira, baina ez gaude prest ordaintzeko. Ia denok saiatu gara, noizbait, bideren bat aurkitzen erantzukizunari ihes egiteko. Edo iruzur egin dugu, txikian edo handian. Unamunok «que inventen ellos» esan zuen. Alegia, besteek asma dezatela, gero geu baliatuko gara haien asmakariez. Guk ere berdintsu jokatzen dugu zergekin. Besteek ordain dezatela, gero geu aprobetxatuko gara haien diruaz eskainitako zerbitzuez.

Zergak ordaintzea tontoarena egitea dela argi utzi du Espainiako Ogasun ministro Cristobal Montorok, BEZaren igoeraren harira. Ordaintzen ez dutenek ordainduko balute, ez litzateke zerga igo beharko. Adar jotze galanta dirua jartzen duenari. Pentsatzen al du Montorok %18ko BEZa ordaindu ez dutenek %21ekoa ordainduko dutela orain? (kar, kar, kar, barre algara platean). Lehen ordaintzen zuenak gehiago ordainduko du orain, baina zalantza metafisikoa ez zaio burutik kenduko: iturgina etxera datorrenean eta «BEZarekin ala BEZa gabe» galdetzen duenean, zer egin beharko du? BEZarekin eskatuz gero, nork dio erreziboak egiteko langile autonomo horrek A taloitegia eta B taloitegia ez dituela, eta azkenekoan sartzen dituen fakturak, BEZarekin izan arren, benetan aurkeztuko dituela administrazioan? Inork ez. Haren hitzaz edo itxuraz fidatu beharko du bezeroak. Iturginak dirua jaso eta irribarretsu alde egingo du etxetik. Poz-pozik. Eta guri ere Bugs Bunny aurpegia geratuko zaigu.

Gran Torino filmean Clint Eastwood zahar egoskorra abadeagana joan daaitortzera, hildako andrearen aholkuari segituta. Kontatu dio festa batean musu eman ziola emakume bati, artean emaztea bizirik zuela. Eta beste bekatu bat egin zuela ibilgailu bat saldu zuenean: «Diru hori ez nion Haziendari aitortu. Hau da, lapurtu egin nuen». Ez litzateke txarto egongo filmeko eszena hori hartu eta iruzurraren kontrako kanpainetako spot-ean jartzea. Baina kasu egingo genioke Clint zaharrari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.