Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia

Mezuak eta tonuak

Koldo Aldabe.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik idatzitako gutuna iritsi zen atzo Iruñeko Anaitasuna kiroldegira, Amaiurren ekitaldi politikora. Kartzela ezagutu duen Pernando Barrenak jarri zien ahotsa giltzapetutako kidearen hitzei.

Hiru mezu utzi zituen Otegik, Anaitasunako harmailak eta aulkiak mukuru bete zituztenentzat. Lehena ezker abertzaleak egindako aldebakarreko urratsen balioa azpimarratzea izan zen, ETAk gero egindakoa ere goraipatzeko. Bigarrena, bakea eta normalizazio politikoa oraindik ez direla iritsi nabarmentzea izan zen, Euskal Herriak nazio gisa izateko eta erabakitzeko eskubideak ukatuak dituelako oraindik. Eta hirugarrena, berriz, egungo egoeraz kontziente izateko deia izan zen, euforiatik bezala anbizio faltatik aldentzera deiegiteko.

Konponbideari ateak irekitzeko giltza euskal gizarteak duela eta Amaiurren bitartez ate horiek irekitzeko euskal gehiengo demokratikoa lortzera dei egin zuen Otegik.

Zeharo diskurtso desberdina erabili zuen, berriz, Iñigo Urkulluk Getxon EAJk egin zuen ekitaldian. Desberdina eta erasokorra, PSE eta PPren aurka ere bai, baina batez ere ezker abertzalearen aurka, zeinari egotzi baitzion Bilduk agintzen dituen erakundeek atzeraldia baino ez dakartela, baina, batez ere, ETAren indarkeriaren ondorioen eta «sufrimenduaren sozializazioaren» erantzule egin baitzuen. «Greziak Europako Batasunarekin duen baino zor handiagoa du ezker abertzaleak Euskadirekin», esan zuen Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak.

Eta zer esan Sevillatik Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak esandakoaz? Gerra zikineko urte latzetan Moncloan zirenek atzo egindako diskurtsoak gutxi du garai berrietara egokitutakotik. Alfredo Perez Rubalcabak dinosauroak erabili ditu berak hitzik esan gabe haien ahoetatik irten daitezen nahi eta behar dituen berbak, nahiz eta orain arteko diskurtsotik urrun geratu.

PSOEren aldean diskurtso egokituagoa darabil egunotan PPk, aurrerantzean berak aginduko duela eta egoera kudeatzea egokituko zaiola jakitun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.