Pastor
Darwin eta gu

Morgan Freeman paseatzen

2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Maiordomoa Txinan. Horixe izan liteke etorkizuneko lan desiragarriena. Enplegu bulegoetan dugun panorama eta, batez ere, lan baldintzak ikusita, ez da erabat baztertzeko aukera. Kontuak atera: Txinako aberats berriekin urtean 125.000 euro baino gehiago irabaz dezake maiordomo batek. Horretaz gain, ostatua doan du etxe dotoreenetako batean, eta munduko bazter guztietara joan daiteke hegazkin pribatuan. Haiekin 10-15 urte lan, eta erretiroa, 67 urte izan arte itxaron gabe.

Aberats berriekin? Klasea, kategoria, ez da erosten, esango du batek baino gehiagok, kexuka. Bai, hala da. Hango zure jaunak goizeko lauretan esnatuko zaitu, Kentucky Fried Chickeneko Zinger Burger bat nahi duelako —benetan gertatua da—. Eta baietz esan behar. Dena den, zer egiten duzu hemengo zure jabeak ostiralean esaten dizunean «komenigarria» dela larunbatean lantokira joatea enkargu batzuk bukatzeko? Zer sentitzen duzu ezetz esateko kemenik ez duzunean, datorren hilean Lanbideko ilaran egon nahi ez duzulako, eta biharamunean txurriarekin egoteari uko egin behar diozunean? Behin zeure burua prostituitzen hasita, hobe marmolezko jauregietako urrezko ohantzetan, herdoildutako eraikinetako koltxoi lohietan baino. Erosotasunagatik bestegatik ez bada ere.

Robert Wennekesek, Nazioarteko Maiordomo Akademiako buruak, South China Morning Post egunkariari adierazi dionez, maiordomo trebakuntza ez da merkea, baina merezi du: 14.000 euro balio du ikastaroak, eta bi hilabetean prest zaude. Eta garrantzitsuena: lana duzu. Irtenbide hobe askorik ba al dute gure unibertsitateetan lau urte edo gehiago ematen dituzten gazteek?

Nazioarteko Maiordomo Akademia —The International Butler Academy du izen ofiziala— Herbehereetako hegoaldean dago, Kasteel Oost herrian, Maastricht hiritik gertu. Hong Kongeko egunkariaren arabera, gero eta maiordomo gehiago behar dituzte Txinan, eta eskola horretako ikasle asko bertara doaz lanera. Asiako herrialdeko eskaera eskaintza baino handiagoa da. 2015. urtean bikoiztu egingo da. Aurreikuspenen arabera, 2,8 milioi aberatsek eskatuko dituzte maiordomo baten zerbitzuak.

Jabeak prestigio sozial handiena izateko, Europakoa izan behar du morroiak. Garai batean, ukitu chic bat ematen zuen gure kontinenteko etxe aberatsenetan kolonietako zerbitzariak izateak. Antzera gertatzen da orain Txinan. Haiek ere kolonietako maiordomoak nahi dituzte: europarrak. Mendebaldeak kolonialismo kulturala bultzatu du munduan barrena. Txina komunista, aldiz, finantza kolonialismoa ezartzen ari da kapitalismoaren bihotzean—AEBetako bonuen lehen eroslea da— eta merkatu ekonomia nahierara baldintzatzen.

Maiordomo zuriak izatea botere ekonomikoaren sinboloa da Txinan. Txinatar bat txinatarren zerbitzari? Hori edonork lor dezake; ez dauka meriturik. Anglosaxoi zuri bat bere apeten aginduetara makurrarazteak, ordea, bestelako sentsazioa eragiten dio zurien menpe egon denari. Human nature, zer egingo diogu ba.

Londresen jatorri nigeriarreko lankide bat nuen. Urtebetetze egunean, cab bat alokatu zuen, hiriburuko taxi beltz horietako bat, gidari eta guzti, lagunekin gora eta behera joateko. Lagun guztiak beltzak ziren. Taxilaria, zuria; ingeles peto-petoa. «Gu jatetxean, pubean edo diskotekan gaudenean kanpoan geratu behar du, taxiaren barruan beti, gure zain», azaldu zidan. Astebeteko soldata osoa xahutu zuen egun hartako ospakizunetan, baina berdin zion. Hura poza, rolak aldatuta: Mister Daisy Morgan Freeman paseatzen.

Robert Wennekesek egunkari txinatarrari azaldu dionez, maiordomo lanak badu arriskurik ere. Haren ikasleetako batek kontatu zion behin ezustean aurkitu zuela sukaldean etxearen jabea, celebrity bat. Amorantearekin zegoen faenaren erdian. Andreak haiekin bat egiteko esan zion. «Ezetz erantzun zuen. Gertatutakoa ahazteko esan nion, inori ez kontatzeko. Eta lasai hausnartzeko etxe horretan segitu nahi ote zuen lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.