Espainiarekin ezkonduta segitu? Bai ala ez? Gaur ez, bihar bai; gaur bai, bihar ez. Halaxe dabil EAJk urriaren 21eko bozetarako aurkeztutako lehendakarigaia: egun batean, «más estado vasco en Europa» agintzen du, hau da, euskal estatuak Europan leku handiagoa izatea; biharamunean, ordea, ez du Espainiatik dibortziatu nahi.
Aste honetan, bi helburu kontrajarri horiek aipatu ditu Iñigo Urkulluk. Euskal estatuak Europan leku eta eragin handiagoa izan beharra aldarrikatu du. Euskal estatua? Urkulluk jauzi itzela egin du trapezioan, logikaren oinarri eta ekuazio guztien gainetik. Nola izango du «euskal estatuak» leku handiagoa Europan, oraindik euskal estaturik ez bada? Lehenengo eta behin, euskal estatu hori lortu beharko litzateke, eta gero gerokoak: estatu horren boterea —gero eta txikiagoa, egia da— Europako beste botere gero eta txikiagoekin eguneroko jardunean berdintasunean kudeatu. Baina Urkulluk gerokoak aipatzen ditu, geroa oraindik egin gabe dugun arren.
Joan etxe dekoratzaile batengana eta esaiozu zeure etxea dotore apaindu nahi duzula, albokoaren etxea bezain dirdiratsua eta erakargarria izan dadin. Etxea erakusteko eskatuko dizu, baina zuk etxerik ez duzula erantzutean, denbora ez galarazteko esango dizu; etxea ez dela teilatutik egiten. Dekoratzaileak berdin esango lioke Urkulluri: «Lehenik etxea egin, eta gero etorri. Bitartean, ideiak nahi badituzu, hementxe dituzu aldizkari batzuk etxe barruko diseinu modernoenak aukeratzeko: Marie Claire, Vogue, Better Homes & Gardens Magazine, Cosmopolitan, O The Oprah Magazine...». Eta aldizkariak prestatuko lizkioke, etxea izan arte amesteko.
Euskal estatuarena igandean bota zuen Urkulluk. Handik bi egunera dibortzioa baztertu zuen EAJko buruak: Espainiarekin ezkonduta segitu nahi du. Badirudi jeltzaleak Jainkoaren legeari segitu nahi diola, Euskal Herria elizaz ezkonduta dagoela Espainiarekin, eta beldur dela, dibortziatuz gero, eskumikatuko ote gaituzten. Edo aldizkariei begiratu eta ez duela gustuko ideiarik aurkitu. Urkulluk ez du dibortziatu nahi; bizikidetza eskatzen dio Espainiari. Hark badaki zer-nolako errespetua, begirunea eta bizikidetza eskaintzen dizkien Espainiak, behin eta berriro, bere ezkontideei, haien askatasun nahiei eta aldarrikapen nazionalei. Hala ere, ez du etsi nahi. Ematen du tratu txarrak jasaten dituzten zenbait emakumeren moduan jokatzen ari dela Urkullu. Jipoiak, burlak, mehatxuak jasan eta jasan, baina ez dute gizona utzi nahi, hamaika arrazoirengatik: «ezin» direlako hura gabe bizi; noizbait gizona aldatuko den esperantza hutsalari eusten diotelako; haren erreakzioaren beldur direlako; baliabide ekonomikorik ez dutelako bakarrean aurrera egiteko... Erabakia hartzea ez da batere erraza harremanean ustez ahulena denarentzat, baina momentu bat heltzenda, zirt edo zart egitea beharrezkoa izaten dena. Badirudi momentu hori ez zaiola oraindik iritsi EAJri. Bizikidetza berdintasunean lortzeko hamaikagarren saioa egin nahi du, baina horrek hamaikagarrenez porrot egin eta gero, zer proposatuko du? Lehen, ETA zen; orain, krisi ekonomikoa. Inoiz ez da une egokia dibortziatzeko, kolpeak eta kolpeak jaso arren. Krisiarena amaitzen denean, zer aitzakia bilatuko du EAJk?
Euskal estatua izateko edo Espainiatik ez dibortziatzeko arrazoiak zeintzuk diren argitu beharko lieke Urkulluk herritarrei. Baina lehenago bata ala bestea aukeratu, ez baitago dibortziorik gabeko euskal estaturik. «Euskal estatuak Europan leku handiagoa izatea» nahi badu, EAJ garaiz dago bide orria egiteko, 2015ean, estatutu berria barik, estatu berriaren lehen oinarriak ezartzeko. Hori erabakitzen badu, hiru urte barru Oprah Winfrey gonbida dezala Alderdi Egunera, etxe berriaren diseinu eta dekorazioa aukeratzen laguntzeko. Ez da bide hoberik izango nazioartearen onarpena lortzen hasteko: Oprah, txapela jantzita, marmitakoa jaten Forondan.
Darwin eta gu
Oprah Alderdi Egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu