Pastor
Darwin eta gu

Pablo eta sexua

2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Euskal arazoa ez da ETA; euskal arazoa sexua da». Unibertsitateko kafetegiko mahaian daude eserita. Erdaraz ari dira, baina ez Bilboko erdararen doinuan. Neskak sexu askapenaren apologia egiten ari dira. Mutilak inkonformista itxura du, guay joerakoa, ordea. Bere ametsen berri eman die solaskideei: «Leku bat ezagutu nahi nuke, hilean 200 euro patrikan bizi nintekeena». Helbide elektronikoa idazteko gogoa piztu zait, lekua aurkituz gero, horren berri eman diezadan. Ez dut uste gure Robinson gazteak bere uhartea aurkituko duenik, edo luzaz eutsiko dionik bertan mundu kontsumistatik bakarturik egoteari, haren ipada gose greban hasten bada.

Gauean etxera itzuli, telebista piztu eta Eduardo Madinari eginiko elkarrizketa agertu da Espainiako hedabide bateko umorezko emanaldi batean. Politikari sozialistak barreka aitortu du euskaldun batek sekretu bat kontatu ziola behin: orgasmo bat izan zuela. Hori miraria! Horrek aurkezlearen iritzia berretsi du: euskal arazoa sexua da; hemen ez da larrutan egiten.

Eta hori egia balitz, zer? Zer ardura die espainiarrei gure osasun sexualak, hain kezkatuta egoteko? Erantzun posiblea: libidoa ohiko era naturalean kudeatzen ez bada, modu basati, bortitzetara bideratzen omen da. Sexua, behar humano hori asea izanez gero, lasaiago bizi gara, pozik. Bizitza beste era batera ikusten dugu; nirvanan gaude ia-ia, etengabeko don't worry batean, arazo barik. Espainia aldetik pentsamolde hori esportatu nahi digute: egin txortan, eta geratu kortan. Txerri moduan, alegia. Hala ere, teoria hori ez da unibertsala. Ez ditut eskura Durex markaren urteroko inkesten datuak, baina, kontatzen dutenez, Frantzian Espainian baino gehiago egiten da. Gehiago, alaiago eta ozenkiago. Alta, horrek ez die gazte frantsesei kalera ateratzeko gogoa kentzen, gobernuaren kontrako neurriak salatzeko eta, batzuetan, geldiarazteko. Borrokatzeko. Beste sexu kultura bat dute Frantzian, beste borroka kultura bat. Espainian, aldiz, bestelakoa da kontua. Orain arte, behintzat. Horregatik, arlo horretan, badago zer ikasia frantsesengandik; kondoia duela 30 urte deskubritu zutenengandik, berriz, ez.

Ez dugu larrutan egiten. Betiko kontua. Iritzi hori aitzakia moduan erabiltzen dute gure aldarrikapen politikoak indargabetzeko, zeren, noski, larrutan egiten ez duten bakarrak euskal herritar subiranistak dira. Euskal Herriko espainiar soberanistak edo espainiarrak beraiek, aldiz, ezin beroagoak eta lizunagoak dira. Sabino Aranak zilizioa erabiltzen omen zuen; Antonio Maura, Praxedes Mateo Sagasta eta Pablo Iglesias, berriz, Casanova edo Saderen jarraitzaile sutsuak omen ziren. Benetako frantses bat egiten edo dastatzen ikasteko ez dugu Parisera joan behar, Burgos liberalera baizik, mesetako tradizio libertinoan. Eta birmaniar bat behar bezala jasotzeko leku onena Toledo dugu, Moscardo jenerala hotelean.

Euskal arazoa sexua omen da, baina baliteke arazoa, gure sexu falta ez ezik, beste batzuen sexu falta edo sexu ikuspegia ere izatea. Sexuari dagokionez, Mendebaldeko gizarte aktibo eta promiskuoenetako bat dugu Ingalaterra. Ustezko erromantizismo ingelesa Bronte ahizpen liburuetan geratu zen. Horregatik, errazago konponduko dira arazo irlandarra edo arazo eskoziarra, ingelesek beste era batera bizi dutelako sexualitatea. Espainiarren ustezko espiritu liberalaren azpian moral katolikoaren zama dago oraindik. Mendeetako zapalkuntza sexuala eta erreserba espirituala izatearen arduraren itzala ez dira kolpetik desagertzen, movida madrileñarekin eta Almodovarren kamerarekin, paketeak lehen planoetan grabatzen. Arrazoinamendu eskasa Espainian. Dena indarrez, por cojones. Hegoaldeko euskaldunok ere ez gaude herentzia horretatik libre, baina ez goaz munduan barrena sexu lezioak ematen. Euskal arazoa sexua da, bai. Arazo espainiarra ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.