Narkotrafikoak eragindako indarkeriari buruz galdetu zioten, duela gutxi, Carlos Salinas de Gortariri. Mexikoko presidente ohiak hori baino bortizkeria handiagoa bazegoela erantzun zion kazetariari: «Mexikoko bortizkeria latzena pobrezia da». Salinas de Gortari ez da marxista; ondo frogatu zuen bere agintaldian. Hala ere, hango errealitate soziala ezagutzen du, eta badaki goseak eta oinarrizko bizi-baldintzarik ezak indarkeriaren txakurrak xaxatzen dituztela.
¡Sin pan, sin paz!. Ogirik gabe, bakerik gabe. Horixe zioen Espainiako Gobernuaren lan erreformaren aurkako greban kalera irtendako manifestari baten kartelak. Argazkia Madrilgo protestaldian hartu zuten, antza, eta ondo azaltzen du herritar askoren egoera: kezka, egonezina, beldurra. Orain ezer ez da betiko. Lehen ez zen dena betiko, baina luzeagoak eta lasaiagoak ziren gure arnasaldiak. Eta herritar xumeak bere bizi-interesen defentsarako baliabide gehiago zituen eskura. Orain, aldiz...
Belaunaldi berriek no future haren oihartzuna dute buruan. Asko hitz egin da gazteen desmobilizazioaren arrazoiei buruz. Hainbat daude. Horien artean, dudarik ez, komunikazio arazoa dago. Zaharrenek ez dute asmatu belaunaldien arteko lankidetza sozial eta humanoaren beharra transmititzen. Zaharrenek ez dute asmatu beren mezua hedatzen, baina paradisu sortzaileek, bai: etengabeko kontsumoan errotu eta eraikitako wonderland koloretsua saldu digute, ondo saldu ere. Orain geure burbuilan bizi gara, eta hurbil eta urruneko kleenex erlazioetan eraikitzen dugu gizarte likido aldakorra. Orain, etxean olioa bukatu bazaigu, ez gara gauza bizilagunari eskatzeko. Ez dugu jana prestatuko, eta kito. Nahikoa da Bergen, Montevideo edo New Orleanseko lagun birtualari esatea, lol sinbolo barregarrien artean, ezin izan dugula tortilla egin, zartagina erreko zitzaigun beldur. Eta hark konponbidea emango digu hurrengorako: oliorik gabeko tortillaren errezeta, Fukuokako chef batek garatua, Marrakexko perrexilarekin.
Geure burbuilan bizi gara, bakartuta, nahasmen ideologikoan galduta. Lotura sozialak beste era batera egituratzen ditugu, eta elkartasuna ere bai. Elkartasun birtuala, batzuetan. Antzinako ereduak aldatu edo suntsitu beharra dago, baina iparra galdu barik. Adibidez: gero eta jende gehiagok esaten du sindikatuek ez dutela ezertarako balio. Jakina, sindikatuak ez dira perfektuak. Huts egiten dute, eta garai berrietara egokitu behar dute, baina enpresarien eta langileen arteko bitartekariak dira. Funtzio sozial bat betetzen dute enpresetako buruen eta enplegatuen arteko harremanak bideratzeko. Sindikatuak desagertzearen aldeko mezua interesatua da, baina jende ugari irensten ari da. Sindikatua —hitza edo erakundea— zaharkitua bada, beste zerbait asmatu beharko da, soldatapeko herritarren interes profesional eta humanoak defendatzeko. Berdintasunean eta elkartasunean indartsu defendatzeko eta negoziatzeko, ez menpekotasunean eta zatituta amore emateko.
Langile batzuek sindikatuak desagertzeko eskatzen dute, baina enpresariek tinko eusten diete euren elkarteei. Zergatik ote? Gerardo Diaz Ferran enpresari espainiarren buru ohia ustez iruzur egiteagatik auzipetu dute, baina sindikatuak desagertzea proposatzen duten herritarrek ez dute esan enpresarien elkarteak desegin behar direnik. Are gutxiago herritar horiek enpresariak badira. Nork defendatuko ditu haien interesak? Nork aholkatuko ditu legearen azken zirrikituak aprobetxatu eta txakur txikirik ere ez galtzeko, edo arauak ezkutuan saihesteko, horrek arazo handirik ekartzen ez badie?
Onuragarria da sindikatuak kritikatzea eta erakunde sozial horiek autokritika zorrotza egitea; sindikatuak desagertzeko eskatzea eskuinaren mezua da, araurik gabeko merkatu basatienaren apologia, bake sozialaren kalterako. Ogirik gabe ez baitago bakerik. Bortizkeria latzena pobrezia baita.
Darwin eta gu
Perrexil japoniarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu