Sigmund Freuden arabera, erotismoa eta heriotza dira gauzarik inportanteenak bizitzako garrantzi handiko gauzen artean. Beste guztia eros eta tanatos bikotearen menpe dago. Bizitzaren pultsioari eta heriotzaren pultsioari lotuta gaude. Bi indarren arteko borroka saihetsezinak gobernatzen gaitu. Batak bizitzera bultzatzen gaitu; besteak, sufrimenduaren bidera. Erotismoa, desioa, maitasuna lagun ditugu Itakarantz nabigatzen dugun bitartean. Bizitzaren ikurra dira. Heriotza azken portua da, lehorra, gure barne ekaitzak betirako baretuko direna.
Horren guztiaren berri daki Cesare Prandellik. Italiako futbol selekzioko entrenatzaileak jaso duen kolperik latzena ez da izan Espainiaren kontra Europako txapelduna izateko aukera galdu izana. Haren bizitza, beste hainbat gizon eta emakumerena bezala, sufrimendu bizienak ilundu du tarteka. Edo argitu, nondik ikusten den. Roma taldea entrenatzen hasi eta gutxira, emazteak tumore bat zuela esan zioten medikuek. Prandellik lana utzi zuen haren ondoan egoteko. Andreak ezin izan zuen minbizia gainditu. 2007ko azaroan hil zen.
Hedabideek Prandelliren bizitza gogorarazi dute egunotan. Kirolari italiarrak futbol partida batetik bueltan ezagutu zuen andrea izango zuena. Prandellik B kategorian jokatzen zuen orduan. Txokolate bat hartzeko gogoa zuen, eta kafetegi batean gelditu zen. Hantxe aurkitu zuen Manuela, beste lagun batekin. «Elkarri begiratu genion, eta geroztik ez ginen banandu», kontatuko zuen urte batzuk geroago Italiako entrenatzaileak. Hurrengo egunean Manuelaren eskolara joan zen Cesare gaztea, eta neskaren zain egon zen atean. Erlazioaren hasiera izan zen.
Manuela Caffik senarraren eta seme-alaben ondoan pasatu zituen azken orduak. «Medikuek esan ziguten hilzorian dauden gaixoek senideen ahotsak baino ez dituztela errekonozitzen azken uneetan, eta gu hantxe egon ginen hari mintzatzen. Horrek lasaitu egiten zuen», kontatu zuen gero Prandellik. «Haren azken hitzak barruan daramatzat, gordeta, baina ezin ditut esan. Desagertu egingo lirateke». Emaztea hiltzearekin batera jaio zen Prandelliren sekretua.
Garai horietan giza izaeraren hainbat ezaugarriz jabetu zen Italiako entrenatzailea: «Konturatu nintzen jende asko maitasunaren beldur dela. Maitasuna eman egin behar da. Ematea errazagoa da ez ematea baino, baina geure egoismoaren gatibuak gara». 30 urtean behin baino ez ziren haserretu senar-emazteak. Maitasuna eta elkarbizitza uztartu zituzten. «Ezingo nuke infidela izan. Beste batekin ezingo nuke sentitu berarekin sentitzen dudana». Entrenatzailea gurasoei buruz mintzatu zen La Repubblica egunkarian, emaztea hil eta hiru hilabetera eman zuen elkarrizketan. Aitarengandik, lanari dion errespetua hartu zuen. Amarengandik, «maitasunaren alde fisikoa» ikasi zuen Prandellik: «Maitatzeaz ez lotsatzea, eta hori erakustea, bihotzaz, buruaz, eskuez». Zenbait lagunek benetako maitasunaren eredutzat jo dituzte Prandelliren bizipenak eta jokaera. Beste batzuk ez dira ados egongo, norberak zein duen benetako maitasuna adierazteko modua. Hala ere, argi dago kleenex gizarte honetan ez dela oso ohikoa Italiako entrenatzailearena bezalako erlazioa.
Prandellik beste emakume bat ezagutu zuen 2010. urtean. Geroztik harekin dabil. Bizitzari eutsi dio, baita bere sekretuari ere. Igandean 4-0 galdu zuen Espainiaren kontra, baina horrek ez du ardura. ArrigoSacchik esan zuen behin futbola gauzarik inportanteena dela garrantzi txikiko gauzen artean.
Darwin eta gu
Prandelliren sekretua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu