Iñaki Urdangarin ez dute bideoz grabatuko epailearen aurrean deklaratzen duenean. Horixe erabaki du Jose Castro Aragonek, Palma Arena auziaren ardura duen epaileak. Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bozeramaile Gabriela Bravok bat egin du Castro Aragon jaunaren erabakiarekin, «inputatu guztiak ez direlako berdinak». Bravo anderearen arabera, kameren aurreko grabazioan agertzea Urdangarinen irudia «estigmatizatzea» izango litzateke, iraintzea. Hori dela eta, Palmako dukearen ohorea zaindu beharra dago. Horixe da garrantzitsuena, Bravoren ustez. Bravo!
Asmoa txalogarria izango litzateke, baldin eta Euskal Herrian zein Espainian justizia aferetan nahasita ibili diren eta ibiliko diren guztien irudiari ere kezka, ardura berberaz begiratuko baliote. Gauza jakina da orain ez dela horrela izaten eta geroan ere ez dela horrela izango. Hala ere, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bozeramaileak ez du dudarik: herritar guztiak berdinak gara legearen aurrean. Horixe esan du, kopeta zimurtu barik. Berdinak gara denok, baina pasatu barik: errege-erreginek ohore handiagoa merezi dute. Printze-printzesek eta Prizzitarrek ere bai.
Legeen aplikazioari dagokionez, badakigu berdintasunaren printzipioa nolakoa den. Badakigu orain ez dela Erdi Aroan bezala gertatzen, justiziak aurrera egin duela eta herritarrok babestuago gaudela arlo horretan, baina badakigu, baita ere, herritar guztiak ez garela berdinak justiziaren aurrean. Ez hemen, ez inon. Alta, leku batzuetan Espainian baino gehiago hurbiltzen dira berdintasun idiliko horretara.
Justizia ez dabil oso ondo Espainian, baina badirudi Garzonen auzia lehertu arte herritar asko ez direla horretaz jabetu. Epaileek euren begien aurrean euskal herritarren aurpegiak txikiturik ikusi eta, ezer esan gabe, horiek espetxeratzeko agindua ematen dutenean, salaketarik ez. Justiziak funtzionatu egiten du. Justizia horrek Garzoni lepoa mozten dionean, orduan bai bidegabekeria! Urdangarinen kasuan gertatzen ari dena, hala ere, haratago doa. Azken berriak frogatzen ari direnez, justizia ez da berdina guztientzat, bai, baina hori baino gehiago ere badago. Klase politikoaren morrontza lotsagabea ere erakusten dute, salbuespenak salbuespen.
Demagun herritar batek etxeko baten ustezko delituen berri badakiela eta lehenbailehen hori egiteari uzteko eskatu diola. Justiziari ez dio ezer azaldu, eta alde egiteko esan dio senideari. Arazo morala sortzen da hor. Alaba, suhia, senarra, emaztea edo aita salatu behar duzu justiziaren izenean? Halaxe egin behar zuen Juan Carlos erregeak? Ez naiz ni lehen harria botatzen hasiko. Gutako askok erregeak bezala jokatuko genuke, agian. Etxekoen alde. Baina hori gertatu eta gero, lotsa-lotsa eginda gordeko genuke kontua, paparra atera gabe. Gainontzeko herritarrek txalo egin beharko ligukete, ustezko gaizkile bati alde egiten edo ezkutatzen lagundu diogulako? Horixe egin zuten Espainiako Kongresuko diputatu gehienek Borboikoa abenduaren 27an ganberan azaldu zenean, agintaldi berriaren lehen ekitaldian. Bi minutuko txalo zaparrada Urdangarin auziaren harira elkartasuna adierazteko, hedabideen arabera. Elkartasuna eta txaloak bost urte lehenago irregulartasunak ezkutatzen lagundu zuenari?
Eskerrak futbola dugun eta hiru urtean behin Athleticek eta Bartzelonak Errege Kopako finala jokatzen duten. 2009an Patagonian entzun omen ziren Espainiako errege-erreginak agurtzeko milaka lagunek egin zituzten txistu eta oihuak. Aurten, egoera nola dagoen ikusita, harrera beroagoa eta adeitsuagoa izango da, dudarik ez egin. Erregeari lotsa gabe txalo egin zioten diputatuek lotsagabe deituko diete, lotsa gabe, milaka euskaldun eta katalani, baina berdin dio: txistuak Hego Tasmanian entzungo dira aurten.
Darwin eta gu
Prizzitarren ohorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu