Interrail benetako Interrail zen garaietan aljeriar bat ezagutu zenuen, Ipar Europako lurralde horietan. Youth hostel berean zeundeten. Laguntzeko eskatu zizun larrialdietara joateko, han inork ez omen zekielako frantsesez. Arazoa? Auskalo zertan ibiliko zen, baina azkura zeukan zereko zerean, puntaren puntan, eta txiza egitean mina, puntaren puntan txoria zegoen kantari. Marrazki primitibo bat egin zizun hori guztia azaltzeko.
Ospitalean medikuak eta erizainak hartu zaituztete —biak emakumezkoak—. Ingelesezko pain hitza ezagutu ez, eta minaren sentsazioa antzezten hasi zara, erizainari imintzioak eginez, morroiaren picassoan ageri den puntaren punta seinalatzen. Ze panorama: bi morenitoak eta erizain ilehoria, han. B serieko film porno merke horietako bat ematen du eszenak. «Zertan ibiliko ziren hauek biok», pentsatuko du. Bai, zeren irudiak nahi adina interpretazio egiteko ematen du. Mutila artatu eta faktura luzatu diote, etxera bueltan ordaintzeko. Erietxetik irten eta barre egin du.
Aljeriar hura ez zen etorkin magrebtar pobrea. Turista aberatsa zen, dotore jantzia, Houari Boumedienneren garaiko elitean ondo hazia, baina ez hezia —«Mendebaldeko gizonek benetako gizonak izateari utzi diozue, emakumeek errespetua galdu dizuetelako. Emakumea jo egin behar duzu batzuetan, ez harrotzeko» —. Ez zuen artatzea ordaindu. Osasun turismoa egin ote zuen? Ez. Ez zen Ipar Europara oporretan joan iruzur egiteko asmoz. Iruzurra gero egin zuen, gastuak ordaintzeari uko egin zionean.
Osasun turismoari hesia jarriko diote aurrerantzean. Neurria ondo egongo da abusuei aurre egiteko, baina ez dute argi azaldu. Edo beste neurri batzuekin nahasi dute. Pack berean sartu dituzte jomuga diren lagunak: gurera ustez iruzur egin eta sendatzera datozenak eta gurean jadanik bizi direnak. Izan ere, osasun turisten abusuei aurre egitea gauza bat da, eta paperik gabeko etorkinei osasunerako eskubidea ukatzea beste bat. Tratamenduan ari diren etorkinei ateak itxiko dizkiete orain? Hemen bizi eta gaixo daudenek ez dute artatuak izateko eskubiderik izango?
Gizatasuna kentzen ari zaie osasun zerbitzuei. Batzuetan arrazoi ekonomikoak argudiatuta, ekimen pribatuaren onerako. Beste batzuetan, itxuraz, herritarrei zerbitzu modernoenak eskaintzeko asmoz. Baina... imajinatu 70-80 urteko pertsona bat, gaixotasun kronikoa duena,osasun zentrora deitzen eta bat-batean... erantzungailu automatikoa. Azkenean, alabari deitu behar laguntza eske. Edo etxetik irten apirileko egun euritsu demonioan eta oinez joan osasun zentrora, hantxe eskatzeko txanda.
Teknologia berriek zerbitzuen modernizazioa ekarri dute. Egun dena da telefonoaren edo Interneten bidez. Baina badago plus bat, horrek guztiak ematen ez duena: harreman eta laguntza humanoa. Zertarako balio du Kronikoen Sarea osatzeak —Osakidetzak gaixo kronikoak elkarrekin harremanetan jartzeko sortua, berez ideia ona dena— egunerokoan gaixo kronikoak direnak eta ez direnak zoratzen badituzte deitzen dutenean?
Ongizate gizartea salbatu egin nahi dute. Baina zer ongizate gizarte eredu dugu eta zer nahi dugu? Kontzeptua argi ez badago, nekez jakingo dugu zer den beharrezkoa osasuntsu eta duintasunez bizi ahal izateko, eta zer den guraria. 80ko urteetako Espainia sozialistan ederra bota zuen Osasun Ministerioko burubatek: hortzak eta haginak ezin ziren osasun zerbitzu publikoetan artatu, bestela «mundu guztia» joango zelako haginlariarengana. Kontu bat da ahoa osasun arrazoiengatik artatzea. Hori osasun zerbitzu publikoek eskaini beharko lukete —ez daitezela kezkatu hortz kliniketako profesionalak; garai oparoetan eskaini ez bazuten, orain gutxiago—. Beste kontu bat, larunbat gauetarako kapritxoak: Megan Foxen edo Patrick Dempseyren irribarrea nahi duenak gehiago ligatzeko, bere poltsikotik ordain dezala.
Darwin eta gu
Puntaren puntan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu