ainara arratibel gascon
Hondarribiko alarde parekidea. Analisia

Sarietatik haratago

2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Irungo eta Hondarribiko alarde parekideek jaso zuten aurtengo Emakunde Saria, berdintasunaren alde egindako lanagatik. Sari banaketa ekitaldian izan zen Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendia. Atzokoan, ordea, ez zen Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk izan Jaizkibel konpainiari babesa ematen. Are gehiago, Mendiak berak zuzentzen duen Herrizaingo Sailak, entseguetan San Pedro kaletik bi aldiz igarotzea debekatu zion aste honetan konpainia parekideari. Berriro ere, «segurtasun arrazoiak» argudiatuta hartu zuen erabakia. Bi keinu horiek agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak ez duela borondate handirik alardearen arazoa konpontzeko. Udaletxeko balkoia ere hutsik zegoen. Hondarribiar guztien ordezkari izan beharko lukeen udal gobernuko ordezkaririk ez zen egon Jaizkibeli elkartasuna agertzen; ez ziren egon irainak jasotzen ari ziren beren herritarrei babesa azaltzen. Udalak eta Jaurlaritzak arazoa betikotzeko apustua egin dute. Uste dute urtero errepikatuz jendeak normaltzat hartuko dutela normala ez dena.

Jaizkibel konpainiako kideek behin eta berriz nabarmendu zuten Emakunde saria jasotzean halako aitorpenek aurrera egiten laguntzen dietela. Baina sarietatik harago joateko beharra geratu zen agerian berriro ere atzo, benetako berdintasuna lortzeko bidean urrats eraginkorrak egiteko beharra.

Beste behin, plastiko beltzak atera zituzten atzo alarde parekidearen aurkakoek. Jaizkibel konpainiako kideek, ordea, oso bestela erantzun zioten jasotako ezinikusiari: inoiz baino konpainia jendetsuagoa osatuz, eta alardea festa giroan ospatuz. Irribarrea eta ilusioa irainaren eta jazarpenaren aurrean. Gainera, inolako arazorik gabe igaro ahal izan ziren Gernikako Arbolatik, iazko debekua oinarririk gabekoa zela agerian utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.