Darwin eta gu

'What else?'

Pastor
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
George Clooneyk ordezko bat du Suitzan, Zurichen: Serge Kaspar. Gizona haren berdin-berdina dugu. Argazki modeloa da. Aktore estatubatuarrarekin duen antzari erreparatu, eta iragarki satiriko bat egiteko eskatu dio Solidar Suisse gobernuz kanpoko erakundeak, Nespressoren jarduera salatzeko. Kasparrek baiezkoa eman, eta agerian utzi du Nestle enpresaren jokaera —Nespressoren jabea da—.

Clooneyk Nespressorentzat grabatutakoaren parodia da iragarkia: Kaspar kalean dabil, eta bat-batean piano bat erori da haren aurrean. Ez zaio ezer gertatu, baina. Kontrako bidean doala, Nespressoren kartel bat bere lekutik atera da, eta bete-betean jo du. Oraingoan, bai: Clooney-Kaspar zerraldo erori da lurrera. Hiltzailea ez da pianoa izan, Nespresso baizik. Off-eko ahots batek hauxe esan du orduan: «Nespresso munduko kafe garestienetako bat da, baina haren negozioa ez da merkataritza justuan oinarritzen». Eta pantailan helbide elektroniko bat agertu da, Clooneyri protesta mezuak bidaltzeko.

Azken hiru hilabeteotan milioi bat lagunek ikusi dute iragarkia. Clooneyk haren berri izan du, eta hordago jo dio Nestleri: frogatzen ez badu kafe soroetako langileak modu egokian ordaintzen dituela eta horiek 18 urtez gorakoak direla, ez die berrituko bere irudia erabiltzeko kontratua. Kanpainaren arrakasta dela eta, Suitzako Publizitate Elkarteak Komunikatzailearen Saria eman dio Kasparri. Herritar suitzarrak Berlingo Tageszeitung egunkariari esan dionez, berak ez du ezer Nestleren aurka. Are gehiago, Nespresso kafe makina bat du etxean, baina poztu egingo litzateke iragarkiari esker kafe soroetako langileen baldintzak hobetuko balira.

Ekimena laudatzeko modukoa da. Nago etorkizunean gurean ere beharko dugula halakoren bat, zer datorkigun ikusita. Afrika, Asia eta Hego Amerikako herritarrei buruzko kezka Europara ere hedatuko da, hemengo jendearen soldatak eta lan egiteko moduak direla eta. Izan ere, esplotazioaren fenomenoa ez da urruneko herrialde horietara mugatuko. Testuinguruak desberdinak dira han eta hemen, baina filosofia, berdina: lan baldintzak gero eta okerragoak jartzea, herritar-langile-kontsumitzaile gehienak gero eta gehiago estutzea, banaka batzuek ahalik eta etekin handienak izateko.

Ikusi besterik ez dago Raxoi jaunak, zenbait iturriren arabera,bultzatuko duen lan erreforma: negoziazio kolektiboa ahultzeaz gain, badago beste neurri bat: 400 euroko kontratua gazteentzat. Alemaniatik hartutako ideia dela argudiatu dute horren aldekoek. Hangutxieneko soldata baino gutxiago kobratzen omen dute antzeko kontratuekin ari diren gazteek, eta ondo doakie. Made in Germany markaren liluraz itsutu egin nahi gaituzte, baina ahaztu egiten dituzte bi kontu. Lehena: Alemanian gutxieneko soldata mila eurotik gorakoa dute —Espainiak administratutako Euskal Herrian 641,40 eurokoa da—. Bigarrena: han kontratu mota horiek finkatutako lanaldia 40 ordukoa da… hilean! Hemen errazagoa izango da gazte horiek astean 40 ordu lan egitea eta, deskuiduan, esparru horretan 40 urte arteko gazteak ere sartzea. Azken lan erreformarekin 30 urte arte luzatu zuen Espainiako Gobernuak gaztaroa. Oraingoan, zergatik ez 40 urte izan arte? Gure artean nagusitzen ari den ume jokaeraren eta betiko gaztetasunaren alde makurra izango da. Lehen, 25 urterekin, gizon edo emakumea zinen. Orain, hainbat arrazoi direla medio, 40 urte eta oraindik ume.

Zenbait sindikatuk darabilten politika ikusita, esperantza ia bakarra daukat: langileen baldintzak okertzen hasten direnean gure enpresa handi horietako batek Clooney kontratatzea publizitatea egiteko. Has daitezela horretan. Beti izango dugu aukera Zurichera joan eta Serge Kaspar ekartzeko, salaketa iragarki bat egin dezan. Ez da musu truk izango: kafe bat ordainduko diogu, berari gustatzen zaion markakoa. Nespresso. What else?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.