Pastor
Darwin eta gu

«'Yes, sir'»

2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan Sir izendatua izateko aukerari ezezko biribila eman dioten lagunen zerrenda argitaratu dute Erresuma Batuko agintariek. Zerrenda horretan hainbat idazle, aktore, politikari eta artista daude. Batzuen arrazoiak erabaki hori hartzeko ezagunak dira; beste batzuenak, ostera, ez. Sir izan nahi izan ez dutenei buruzko informazioaren harira, Jon Snow kazetariaren kasua aipatu du The New York Times egunkariak. Channel 4 katearen iluntzeko albistegiko aurkezlea dugu Snow. Inperio Britainiarraren Ordenak ematen duen ohorea baztertzeko arrazoia argi azaldu du hark: «Ez dut uste lanean ari diren kazetariek sariak jaso behar dituztenik erakundeetatik, erakunde horiei buruz informatzeko ardura baldin badute». Batzuetan, jarduera profesionalak arazoak ekarri dizkio Snowi. 2008an traidorea deitu zion armada britainiarreko kapitain batek, Harry printzea Afganistanera borrokatzera bidaltzeko erabakiaren berri eman zuenean. Hedabideek isildua zuten informazio hori.

Snowren argudioa abiapuntu interesgarria da kazetarien ustezko independentzia neurtzeko. Kazetaritza boterea fiskalizatzeko tresna izan da urteetan, baina joera hori moteltzen hasi da. Boterearen aurrean gizartearen fiskala izatetik gizartearen aurrean boterearen bozeramailea izatera pasatu dira kazetari asko. Egungo kazetari ugarik ahaztua dute prentsaren behinolako funtzio soziala. Mesedeak egiten dituzte mesedeen truke. Kritika gutxi. Prentsa arrosa herriaren opioa dela esango luke Karl Marxek, bizirik balego. Snowk boterearen sariak hartzeari uko egiten dio. Ildo horretan, badaude kazetariak enpresentzat edo erakundeentzat lan egiteari ezetz esaten diotenak, horrek etorkizunean haien jarduna baldintzatuko lukeelakoan. Haientzat pentsaezina izango litzateke eszedentzia hartzea enpresa pribatu batean komunikazio arduradun moduan lan egiteko, esaterako. Edo ministerio, sail edo alderdi politiko batean prentsa arduraduna izateko. Gero, hedabidera itzultzean, nor fidatuko da haien independentziaz, lau edo zortzi urtean jaten eman dienaren lana aztertzen hasten direnean?

Tradizio anglosaxoniarra eta gurea desberdinak dira. AEBetan, esaterako, zenbait kazetari ezagunek inoiz ez dute botorik ematen. Haien ustez, boto emate hutsak agerian uzten du joera politiko bat badutela, botoa sekretua izan arren. Eta haien joera bakarra boterea fiskalizatzea da, gizartearen mesederako. Alde onak eta txarrak izango dira hor. Agian, barregarria irudituko zaigu jarrera hori, muturrekoa. Hemengo beste jarrera bat ere muturrekoa da, baina: kazetariok ez dugu erreparorik geure iritzi politiko partidistak azaltzeko. Eta kapazak gara igandeko bozetan alderdi politiko batentzako botoa eskatzeko, eta astelehenean botoa publikoki ukatu diogun alderdiko presidentearengana joateko, lasai asko, elkarrizketa bat eskatzera, gure independentzia agiria ahoan. Hori lotsagarria izango litzateke AEBetan.

Kolore politikoak asko markatzen gaitu hemen. Politikariek eta kazetariok badakigu zeintzuk diren gutarrak, eta zeintzuk ez. Politikari gutar bat elkarrizketatzen dugunean, normalean ez zaigu bururatzen galdera oso gogorrik egitea, gure armadako kapitain batek traidoretzat joko gaituen beldur. Lan zikin hori besteek, arerioek egingo dute.

Duela urte batzuk, ETBko programa batean, EAEko lehendakaria agertzen zen kazetarien galderak zuzenean erantzuteko. Oso kasu gutxitan izan ezik, irribarrea eta rollito ona zen dena: ondo aukeratutako kazetariak, ondo neurtutako galderak, gure goiko agintariaren onerako. Bazirudien kazetariak jainkoaren aurrean zeudela, Japoniako enperadorearekin edo, tea hartzeko zeremonian belauniko. Ajuria Enean Ardanza zegoen, baina berdin dio: deskuiduan lehendakaria PSE-EEkoa edo ezker abertzalekoa izan balitz, nago, orduan ere, egoera ez zela oso diferentea izango: «Yes, sir…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.