Aitor Renteria.
Euskara. Diru laguntzak Ipar Euskal Herrian. Analisia

Zenbakien kontuak

2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, oro har, elebidunen kopuruak gora egin duela nabarmendu du Lurdes Auzmendik, bai ezagutzan bai erabilera formala duten eremuetan. Baikortasun hori partekatu nahi duela adierazi du Frantxua Maitiak, euskal hiztunen galera izan arren, azken bost urteotan intentsitatea apaldu delako eta belaunaldi gazteen artean gora doalako euskararen ezagutza. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak goraipatu ditu Maitiak, gogoraraziz hizkuntza politika duela 30 urte abiatu zela, Ipar Euskal Herrian duela sei urte egin delarik urrats hori.

Alta, zenbakien indarrak galderak pausatzera bultzatzen du Ipar Euskal Herrian. 16 urte edo gehiagoko herritarren %21,4 dira elebidun osoak, 1996an %26,4 zirelarik. Adin piramideak datu hori azaltzen du hein batean, adin gehien dutenak direlako euskaldunenak. Bertze aldetik, Ipar Euskal Herriak kanpoko jendea erakartzen du, eta frantses elebakarren multzoa indartzen dute horiek. Adin piramidearen atalik gazteenetan kopurua emendatzeak ematen du esperantzarako bidea.

Zalantza eragiten duten elementuak ez dira falta. Euskararen sustapenari buruzko jarrerak ere kezkatzeko arrazoiak erakusten ditu. Inkesta soziolinguistikoen haritik, euskara sustatzearen kontra daudenen kopuruak apaldu egin dira, Ipar Euskal Herrian izan ezik. Izan ere, 1996an %12,7 ziren sustapenaren aurka eta %45ek ez zuten iritzirik. Orain %21,3 dira sustapenaren aurka eta %40,2k ez dute iritzirik. Euskara sustatzearen aurko jarrera horiek aldatzeko, sentsibilizazioan eragin behar dela erran du Maitiak, EEPk lantzen dituen lan ardatzak gogora ekarriz.

Erabileraren kopuruak ere kezka handia eragiten du, ozta-ozta gainditzen baitu %6ko heina, duela bost urte bezala. Eta erabilpena %6koa delarik, baikortasunerako oinarriak hauskorrak eta zalantzazkoak direla ikusten dute euskalgintzako hainbat eragilek.

Gazteengan dago euskararen esperantza eta, gaur egun, lehen mailan abantzu herenak ikasten badu Seaskaren murgiltze ereduan edo eredu elebidun zein pribatuan, deusek ez du bermatzen elebidun izanen direla hamar edo hogei urteko epean. Euskararen kalitateari buruzko galdera ere pausatzen da. Beherazko joeraren bukaera hurbil ikusten dute batzuek, baina bertze batzuek arrangura adierazten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.