Maiatzaren Lehena elkarrekin ospatu zuten iaz ELAk eta LABek, aspaldiko partez. Krisiari erantzuteko ekintzetatik haratago, sintonia negoziazio kolektiboaren alorrera eramateko gai zirela aldarrikatu nahi zuten argazki horrekin. Gutxi iraun du elkarlan horrek, ordea, praktikan ekintza batasuna hautsitzat jo baitute azken orduetan Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide bi erakundeetako idazkari nagusiek.
Pelikulak déjà vu puntu bat badu. Beste haustura batzuk ere gertatu dira iraganean. Behin baino gehiagotan, desadostasunak eta kontraesanak agerian geratu izan dira ELAren eta LABen arteko harremanak beste fase batera jauzi egin behar zuela zirudienean. Politikoak izan dira, antolakuntzakoak edo praktika sindikalekoak. Akaso, hori izan da euren arteko harremanaren ezaugarri bereizgarriena. Jatorri, molde eta izaera ezberdinekoak izan arren, ados jartzeko gai izan dira euskal langileentzat erabaki espazio berriak irabazteko, eta, esparru propiotik kanpo, familia politiko ezberdinetako abertzaleen arteko zubi lan ikusgarria jorratu dute.
Dibortzioak gutxitan dira gozoak. Elkarlana hondatu eta puskatu izanaren bertsio propioari helduko dio parte bakoitzak orain, haustura gertatzen bada. Aurrekoetan ere entzun izan ditugu ELAren eta LABen arteko akusazioak eta kritikak, gogorrak batzuetan. Baina, konfiantza galduta ere, ez dira zubi guztiak erre, ez da elkarrekin eraikitako guztia sekula galdu. Oraingoan ere hala gertatuko dela dirudi, eta horren erakusgarri da sektore publikoan bi sindikatuak EILASekin batera bultzatzen ari diren estrategia eta protestak.
Desafioak ez zaizkie faltako. Krisia hasi zenetik hiru lanuzte orokor antolatzeko eta langileen haserrea kalera eramateko gai izan da euskal gehiengo sindikala. Jarrerak urrun zeudenean ekintza horiek batera bultzatzeko prestasuna izan zuten ELAk eta LABek. Eraso gehiago etorriko dira, eta sindikalismo indartsu batek —baturik edo norbere independentzian oinarrituta— aurre egin beharko die. Krisiaren aurkako borrokatik aparte, Euskal Herrian hasi den aro berrian indar sindikalek izango duten zeregin, ardura eta tokia definitzeko unea iritsi da. Asko dago jokoan.
Analisia
Maiatzeko irudia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu