Mezua ongi ulertu dute euskal langileek: lan erreformak bide arriskutsua ireki du, eta kolokan jarri ditu urte luzez borrokatu diren eskubide eta lorpenak. Lau urte daramatzagu krisian murgilduta eta irteera ere ez da ortzean ikusten. Atzo, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere aurten atzeraldia izango dela onartu zuen azkenik Jaurlaritzak. Urtearen joanean beste 17.500 lanpostu galduko direla kalkulatu du. Horregatik, akaso, eredugarriagoa da atzoko irudia. Etsipenean erori ez den eta kalera ateratzeko prest jarraitzen duen gizarte baten irudia da, alegia.
Lanuztearen arrakastari buruz zalantza gutxi daude. Patronalek ere aitortu behar izan dute langile gehienek bat egin zutela deialdiarekin. «Greba antzua izan da», Adegiren hitzetan, edo 30 milioi euro kostatuko dituela ohartarazi du SEAk. Kontsolamendu eskasa milaka lagun lanpostua uztera bultzatu dituen errealitatea ez ikusteko.
Oraingoan, orokorra izan da, oso. Ziur asko ez da alor sozioekonomikoan antzeko herri mobilizaziorik izan 1999 urteko maiatzaren 21etik. Orduan 35 orduko lan astearen aldeko ofentsiban ari ziren sindikatu guztiak. Lanuzte eraikitzailea izan zen hura, gizarte lorpen baten akuilu izateko asmoarekin egindakoa. Tamalez, azken urteotan bata bestearen atzetik erortzen diren erreforma eta murrizketei nola edo hala kontra egitea baino ez zaie geratu sindikatuei.
Greba indartu du sindikatu guztiek egun berean deitu izanak. Horri buruz ere zalantza gutxi egon daitezke. Gehiengo sindikala gai da mobilizazio indartsu eta esanguratsuak egiteko. Aurreko hiru urteotan greba orokor bana antolatu eta aurrera atera dute sindikatu abertzaleek. Garrantzia izan dute, baina egia da jarraipena nahiko ezberdina izan dela eskualde edo sektorearen arabera.
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak zioen norbaitek atzoko «lezioa ikasi» beharko duela langileen mobilizazioak antolatzen direnerako, sindikatu abertzaleei kargu hartzeko asmoz-edo. Baina atzoko irudiak ez du ezer aldatu, ez du inolako zerikusirik batasun sindikalarekin. Sindikalgintzak bitan banatuta jarraitzen du, eta, gaur gaurkoz, lanuzte bat bere kasa ateratzeko gai dela frogatu duen bakarra gehiengo sindikala da. Ikusi bestela CCOOren eta UGTren 2010eko irailaren 29ko grebak Hego Euskal Herrian izan zuen erantzuna.
Bide batez, sindikalgintza propio, antolatu eta aldarrikatzailea izateari esker izan zuen grebak beste inon baino arrakasta gehiago Hego Euskal Herrian. Lezioak ikasi behar badira, hori ere aintzat hartu beharko dute EAEko eta Nafarroako CCOOk eta UGTk, Madrildik etorriko diren hurrengo erronkei aurre egin beharko zaienean.
Euskal ikuspuntu batetik, azken erreformek gabezi politiko itzelak utzi dituzte agerian. Orain dela 33 urte Gernikako Estatutua negoziatu eta martxan jarri zenean lan harremanak umezurtz geratu ziren. Teorian behintzat, gaitasun eta burujabetza fiskal zabalak eta botere ekonomiko esanguratsua ematen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoari Kontzertuak, eta Nafarroari itun ekonomikoak. Aldiz, lan harremanetan garrantzi funtsezkoa duten giltza guztiak Madrilen esku geratu ziren, eta hala jarraitzen du izaten.
Arma bakarra izan du euskal sindikalgintzak legez aitortu ez zaiona borrokatzeko: negoziazio kolektiboa. Raxoiren azken kolpeak larri utzi duen tresna.
Greba orokorra. Analisia
Orokorra, oso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu