Lan erreforma. Greba orokorra. Analisia

Zurekin, zu gabe

jakes goikoetxea
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Greba orokorra hain bidezkoa, beharrezkoa eta saihestezina izateko, CCOOk eta UGTk zalantza dezente izan dituzte langileak grebara deitu aurretik. Eta adierazgarria da langileak greba orokorrera deitu dituzten egun berean Espainiako Gobernuari esatea oraindik «azken unera arte» negoziatzeko prest daudela. Jakinda Espainiako Gobernuak, negoziatzekotan, kondarrak negoziatuko dituela.

Lan erreformak langileen erantzuna behar du. Sindikatu guztiena bada, hobeto. Erantzuna jendetsuagoa eta ozenagoa izango da. Beste kontu bat da, ordea, erantzuna bateratua izatea edo sindikatuek elkarrekin erantzutea, pankarta bera heltzen. ELAk eta LABek ez dituzte ondoan nahi CCOO eta UGT:urteotan CCOOk eta UGTk gobernuen neurriei —Espainiakoa, Nafarroakoa, Eusko Jaurlaritza— babesa eman dietelako;negoziazio kolektiboa zentralizatu egin nahi dutelako; eta patronalarekin langileen kontrako neurriak hitzartzeko gai direlako.

CCOOk eta UGTk zailagoa dute Espainian egiten dutena Hego Euskal Herrian saltzea eta langileak konbentzitzea. Espainian errazagoa dute, jaun eta jabe baitira. Katalunian eta Galizian zailagoa, bestelako erreferentziak baitaude. Eta Hego Euskal Herrian oso zaila, ELA eta LAB baitira erreferentzia: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erreferentzia nagusia, eta Nafarroan garrantzitsua. Horregatik, Hego Euskal Herrian neurri handi batean ELAren eta LABen atzetik joan behar dute.

Guztiarekin amaitu nahi dute, zioen atzo Mendez eta Toxoren oholtzaren atzeko pankartak, hizki larriz. Langileen kontrako eraso gogorrena dela nabarmendu zuten bai batak zein besteak. Arrazoi dute, baina onartu beharko dute lan erreformarena ez dela eraso isolatua, eta zenbait erreformatan Espainiako Gobernuaren eta patronalaren konplize izan direla.

Gogoratu besterik ez dago pentsioen erreformarekin gertatutakoa, CCOOk eta UGTk zer nolako itzulinguruak egin behar izan zituzten pentsioen erreformaren abantailak saltzeko. Edota zer gertatu den urtarrilaren amaieran CEOErekin hitzartutako akordioarekin. Soldata igoerak saihesteko eta enpresarioei malgutasuna eskaintzeko hitzarmena sinatu eta eskaini zioten Espainiako Gobernuari. Madrilgo agintari popularrei gutxi iruditu zitzaion, eta askoz ere urrunago joan da. CEOE —Confebask, CEN, Cebek, Adegi eta SEA—eskuak igurzten ari dira. Eta CCOOri eta UGTri inozo aurpegia geratu zaie.

Hilaren 29ko greba orokorraren berrikuntza bakarra ez da izango sindikatu guztien babesa. PSE-EEren babesa ere izan dezake, eta ezin da baztertu buruzagi sozialistakCCOOren eta UGTren mobilizazioetako pankarten atzean ikustea. ELAk eta LABek grebara deitu zutenean, PSE-EEko agintariek grebarekin bat egitera animatu zituzten CCOO eta UGT ere, eta sozialisten babesa izango zutela aipatu zuten. Ikusi beharko da ea PSE-EEren Jaurlaritzak zer nolako gutxieneko zerbitzuak ezarriko dituen.

Espainiako Gobernuak sindikatuei eskatu die gogoan izan ditzatela langabeak. Lan erreformarekin gizartearen aldeko lanak egiten jarri nahi dituzten langabeez ariko da. Edo kontratu mugagabe berrien truke langabezia sariaren zati handiena galtzera behartuko dituzten langabeez. Edo, agian, lan erreformarekin langile finko izatetik langabe izatera pasako direnez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.