Juanma Garate.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

06:30ean egurrean

2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Azkenean jan dugu pasta al dente... bazen garaia! Iluntzean iritsi ginen Mantovara, eta, goizean, autobusez joan gara Veronara, taldekako erlojupekoa hasiko den lekura. 40 bat kilometro daude bien artean. Itzuli bat eman diogu ibilbideari, eta zoragarria da. Zati tekniko bat badauka, eta igoera serio bat ere bai. 20 bat kilometro daude gain horretatik helmugara, eta arriskutsua izango da, pare bat txirrindulari galtzeko arriskua dagoelako. Adi ibili beharko dugu estrategiarekin. Behin ibilbidea ezagututa, hiru taldekide bizikletan itzuli gara hotelera.

Talde bakoitzaren azpiegiturak aldeak sor ditzake horrelakoetan. Masajista asko Danimarkatik Italiara arteko bidea egiten ari dira une honetan, autoetan. Eurak ez dira iritsi, ezta hainbat maleta eta erlojupekorako bizikletak ere. Baina taldeko furgoneta bat badaukagu guk, eta, lehen etaparen ondoren, erlojupekorako bizikletekin abiatu zen Italiara. Adi ibili beharra dago horrelakoetan, Italiara iritsi eta ezer gabe egoteko arriskua geneukalako. 1.600 kilometro daude Danimarkatik Veronara, eta Giro hasiera honetan oso garrantzitsua zen azpiegitura lana zaintzea.

Talde gehienek ez bezala, masajisten eta mekanikarien taldea bikoiztuta daukagu guk. Danimarkan ibili dira batzuk, eta Italian daude beste batzuk. Garrantzitsua da hori, bestela ezingo genuelako masajerik jaso... bigarren egunez jarraian. Eta txirrindulariontzat ezinbestekoa da gorputza bere onera ekartzea.

Gainerakoan, bakoitzak nahi duena egiten du horrelako egunetan. Nik, esaterako, erlojupeko eta lasterketako bizikletak prest jartzeko baliatu dut eguerdia. Bitxikeria gisa esango dizuet gure hotel berean dagoela Steven de Jongh Quick Stepen taldekide izan nuena; Skyko kirol zuzendaria da orain. Kirol asko egin zalea da, eta erdi barrez aitortu dit orain bi egun, Danimarkan, zero azpitik lau gradu zeudela bizikletan ibiltzera joan zenean. Zer ordu zen galdetu, eta «06:30!», erantzun dit. Harrigarria! Baina horrelakoa da gizona...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.