Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Alpeek magia daukate

2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Tourra Alpeetan sartu dela aitzakia hartuta, Alpeen magiaz hitz egin nahiko nuke. Ni maitemindu hutsa naiz; Ag2r taldeko txirrindularia nintzela ere, hantxe egiten nituen kontzentrazio gehienak, eta toki berezia da niretzat. Dauphine Libere bertatik igarotzen da, Tourreko hainbat etapa ere bai, eta gustagarria da. Tourrari dagokionez, Europcar izan da garaile nagusia bertan. Pierre Rollandek eta Thomas Voecklerrek erakustaldia eman dute, baina esango nuke ziklista guztiek dutela gustuko Alpeetan ibiltzea. Ni neu itsututa naukate, behintzat.

Pirinioak ere ezin ditugu alde batera utzi, noski. Bertan hainbeste euskaldun ikustea erakargarria da, eta Euskal Herritik gertu egotea ere bai. Gureak balira bezala kontsideratzen ditugu. Baina Alpeek badute zerbait berezia, nahiz etxetik urrun egon. Egun hauetan haien edertasuna ikusi ahal izan dugu telebistan zein egunkarietako argazkietan. Alpeen handitasuna itzela da: mendateak altuak dira, elurra bera ere ikusi egiten da... Albiste bat irakurri dut asteon, eta hark zioen elur-jausi baten erruz hainbat mendizale hil direla uztailean. Horrek erakusten du Alpeen handitasuna.

Pirinioetako etapak oso gogorrak izaten dira, baina Alpeek badute beste puntu bat, kilometro asko izaten baitira gora eta gora. Gaur [atzo] ere ikusi da zenbat izerdi bota duten txirrindulariek maldetan, eta ez da harritzekoa. Ordubeteko lana izaten da mendate horiek igotzea, eta kontuan hartu behar da txirrindulariok ez gaudela ohituta horretara. Izan ere, neguan ez dugu aukerarik izaten han entrenatzeko, elurra egoten delako, eta garai honetan soilik ikus ditzakegu paisaia horiek.

Ausartuko naiz esatera Tourra Alpeei esker dela hain handia. Espainiako Vueltan eta Italiako Giroan ere badira mendate latzak, sarri askotan elurraren erruz itxita egoten direnak, baina Alpeek ez daukate parekorik. Han bizikletan ibili ahal izatea ederra da. Gustua ematen du. Ni neu, behintzat, horrekin gelditzen naiz. Eta horixe aipatu nahi nuen zutabe honetan; ikusteko aukera daukanari aukera ez galtzeko esango nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.