Irakurketen koskak. Lau partida, hilabete baino gutxiago. Balantzeak egiteko joera nabarmena izaten da emaitza on bat lortzen denean, eta gertuko porrot bat ahaztea bigarren maila batean uztea komeni denean. Garaipenak dena estaltzen du, porrotak dena agerian uzten duen bezala. Analisiak eta kritikak zorrotzagoak izaten dira bolada txarren ondoren, boladak on-onak direnean baino. Lagun Aroren 0-4 balantze txarrak ez du logikoa litzatekeen kritika zaparradarik eragin. «Hobetzen ari gara», «gertuago gaude» eta antzekoak saltzen dituzte herrialdeko komunikabide nagusiek, garaipenen tokian 0 biribil batek jarraitzen duen bitartean. Gasteizen, bi egunetan, desastre hutsa zena eraginkorra den talde bat bihurtu da, eta Bilbon, taldea ligako klase noblean, aristokrazian, kokatu dela diote, Estudiantes liderrari irabazi ziotelako. Urrunegi ez, herri xeheko kidea zenean.
Zalgiris eta Joventut. Lituaniako taldeak eman zion bezala, egurra eman zion Baskoniak Joventuti, eta ezin jakin zergatik zehatz. Joventut talde arriskutsu gisa iritsi baitzen Gasteizera. Badalonako taldea, ordea, ez da Zalgiris, eta partidako bilakaerak erakutsi zuen hori, arabarrek labanak gurina nola, hala txikitu zuelako aurkaria. 12-0 hasi eta agur. Baskoniak hiru garaipen lortu ditu jarraian ligan, baina jokatutako biak galdu Euroligan. Non dago, beraz, Ivanovicen taldea? Egon behar ez zuen tokian ez, noski. Non egongo da 10 egun barru? Egon behar zuen tokian, agian, edo infernuan, aurretik daukan egutegia gogorra bezain argigarria izango delako. Milano Euroligan, Real Madril Ligan igandean, Efes Pilsen Gasteizen azaroko lehen egunean, eta Bartzelona txapelduna, hiru egun geroago. Urgentziak, noski, Euroligan daude, bi demak galduta agur esango diolako Top 16ari. Euroligako emaitzek uste baino eragin handiagoa izango dute ligan. Milanon irabazten badu, Baskoniak Real Madrili irabazteko kemena irabaziko duelako. Ariketa berbera da hurrengo astean, Efes Pilsen eta Bartzelonarekin. Ez harritu, halere, laurak galtzen baditu.
Krisirik ez. 0-4 eta sailkapeneko zuloan. Lehen jardunaldian, Badalonan, astindua jaso zuen Lagun Arok. Aitzakiarik ez. Bigarrenean, etxean, Estudiantesek kontrolpean izan zuen garaipena ia beti, baina itxura hobetu zela saldu zen. Gescrap Bizkaiaren aurka, taldea aurretik jarri zela 18 puntuz azpitik izanda ere, eta buruaren faltan, bihotzarekin ia-ia nahikoa izan zela. Eta atzo, Murtzian, hirugarren laurdeneko itzalaldi madarikatua. Beste hiru laurdenetan, Lagun Aro nagusi. Baina etxerako buelta uztarik gabe. Baina krisi edo ezkortasun zantzurik batere ez Donostian. Paralelismoak joan den denboraldiko bilakaerarekin, orduan ere antzera hasi baitzen Lagun Aro. Ondoren sekulako bilakaera izan zuen, baina aurten ez du izango. Taldeak itogin franko dituelako, eta itogin horiek ixteko, aurren-aurrena itogina eragiten dutenen borondatea behar delako.
Katsikarisen poza.Gescrap Bizkaiako entrenatzaileak hilabeteko epea eskatu zuen irail bukaeran, taldeak azaroa iritsi bitartean ez zuela neurririk emango. Jendaurrean azaldu zituen bere zalantzak, eta bere beldurra; baina beldur haiek, Kanaria Handian indarra hartu zuten beldur haize horiek joan dira. Bartzelona menderatu zuelako etxean, Lagun Aro Donostian, eta Estudiantes ligako talde onenetakoa larunbatean Miribillan, partida ederrean. Azaroaren 6an hasiko du Eurokopa, eta ordurako oso balantze onarekin iritsiko da Bizkaia, indarberrituta buruz. Egungo 3-1 balantzea 5-1ekoa balitz, hobe. Valladolid Gaztelako hiriburuan, eta Unicaja etxean. Goraipatzeko gauza asko, Estudiantesen aurka: Pilepicek, bederatzi puntu sei minutuan; Hamilton egurrean Barnesekin; Vasileiadis eraginkor... Hobetzekoak ere bai, batez ere Zisisen gidaritza.
Zonakako defentsa
Aristokrazia eta herri xehea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu