Karmengo jaiek inoiz baino ederrago jantzi dute Donostiako kaia; eguzkiak eta itsaso harrotuak inoiz baino marko konparaezinagoa bihurtu dute Kontxako eremua. Hara hurbildu garen zaleok arraun festa izan dugu asteburuan.
Gipuzkoako Ligarekin hasi zen jaia. Zumaiarren lan onaren erruz, emoziorik gabeko estropada izan zen. Berriz ere, arraunerako baldintza txarrak beraien alde direla erakutsi ziguten. Sendo dabiltza; eta horren biktimetako bat Getaria-Tolosa da. Esnatuz joan beharko dute iazko garaileek; aurkariak konfiantza hartzen badu, zaila izaten baita gero hura geratzea; eta Zumaia horretan ari da. San Juan ere azkar dabil. Larunbatean ere, ordea, lehen luzean galdu zituen galdu beharreko segundoak. Bueltan, onenen pare edo azkarrago dabil. Hasierak landuz, trapuen lehian egon liteke.
Emakumezkoen estropada itsustu zuen bakarra txanden eraketa izan zen. Bi minututik behin binaka ateratzea galera da lehiari nahiz ikuskizunari begira. Nik, 12-13 minutuko saioak izanda, hiruko bi txanda osatuko nituzke.
Emozioa KAEko bi estropadek sorrarazi digute. Larunbatean, Busturialdea igo berria eta Orio jaitsi berria parez pare izan genituen azken bi minutura arte; mirotzek estropada hautsi zuten arte. Horrek Elantxobekoak goratzen ditu; ez dakiguna da oriotarrak zenbateraino kezkaraziko dituen. Liderra izan ezik, sailkapenaren erditik gorako taldeak liga hasi aurretik uste baino postu bat beherago dabiltza gutxienez; bizkaitarrak ia pronostiko guztiak hausten ari baitira. Eta guztia ez da banana-ri, Amilibiaren traineru berri famatuari, esker izango. Alzibar eta bereak ariko dira zerbait ondo egiten; eta kanporaketekin amesten hasiak izango dira jada, nahi gabe ere.
Igandean, Trintxerpek eta Orio B-k azken olatura arte erne egonarazi gintuzten, eta liga bukatu arte hala egingo dutela iragarri. Beste guztiekiko nagusi dira, oso; baina beraien arteko lehiak ez du etenik. Azkenean, bandera urdin eta ligan ados. Ikuskizun ederrez gozatuta jaitsi ginen arraunzaleok Aquariumetik bi egunetan. Festak kaian jarraitu zuen.
Arraun-minez
Arraun festa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu