Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Aurrena iritsi da

2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Helburuak. Osasunak irabazi egin die Athletici eta Realari gure taldeen lasterketa berezian. Bederatzi partida falta direnean, amaitu da lehiaketa. Hirurek denboraldi hasieran Ligan lortzeko helburuak zehaztu zituzten: Osasunak eta Realak ez jaistea, eta Athleticek Europako txapelketaren bat jokatzeko sailkatzea. Osasunak bete du berea. Realari asko falta zaio. Eta Athletici urruntzen ari zaio Txapeldunen Liga, nahiz eta Europan aritzeko aukera lotua duen, Kopan lortua.

Ligaren barruko Liga. Denboraldi amaiera hau eta aurreko sasoietakoa zuria eta beltza bezalakoa izango dira Osasunarentzat. Orduko haietan, estu eta larri. Orain, lasai ederrean. Helburu nagusia gauzatu eta gero, beste helburu batek jarrita egon behar luke. Ligaren barruan beste Liga bati ekin beharko lioke taldeak. Eta Liga horrek saria du: Europan aritzeko aukera. Jose Luis Mendilibarrek behin eta berriz esana du helburu nagusia lortu arte ez zuela Europaren aipurik entzun nahi. Baina orain aldatu egin da egoera. Bi aukera dauzka taldeak: bederatzi partida hauetan ibilian ibili, helburu handia lortua duelako, eta beste berri baten bila joan gabe; edo helburu berria lortzeko lehian sartu. Bigarren aukera da ederra. Aurreko denboraldietako sufrimendua gozatzeko modu egokia da. Hori bai, gero helburu berria lortzen ez bada, inork ez dezala esan porrota izan dela, edo denboraldia ez dela ona izan. Bikaina izan baita.

Huts ezaguna. Athleticek puntu bakarra atera du azken lau partidetan. Hamabitik bat. Inguruan zituen beste taldeek askoz gehiago atera dituzte, eta Txapeldunen Ligan sartzeko aukerak gutxitu egin dira. Lau partida hauek ezberdinak izan dira. Ez nituzke ondorio berak aterako, eta igandekoak etsipen puntua aldentzeko balio behar luke. Adibidez, aste barruan Atletico Madrilen aurka egindako jokoa eta igandekoa ezin dira parean jarri. Asteazkenean, irabazteko aukerarik ez zuen eduki. Igandean, bai, eta asko. Baina aspaldiko hutsa azaldu zen: golak sartzeko komeriak. Hor kale egiteagatik ez zuen irabazi Marcelo Bielsaren taldeak. Momentuan, berdinketaren ondorioa ez da ona, eta ezin da ona izan. Baina aukerak sortzea eta ez sartzea lasai egoteko modukoa da. Lehengo trenbidean da trena berriz ere. Golak ez sartzea baino kezkagarriagoa zen irabazteko aukerarik ez edukitzea.

Oinarrian, huts. Galdu egin zuen Realak Real Madrilen, baina galtzetik galtzera aldea egoten da. Realak modurik zatarrenean egin zuen. Oso itxura txarra emanda. Oinez jokatu zuten espainiarrek, eta hala ere, aise menderatu zituzten euskaldunak. Ez dago hain urrun kontrakoa izaten zen garai hura... Baina jokalariak aldatu egin dira, garaiekin batera. Oinarrian egin zuten huts. Oinarria da nork bere buruan sinestea. Oinarria da lehiatzea. Are gehiago Real Madrilen zelaian. Baina kontrakoa egin zuten Realekoek. Zergatik? Izaera aldetik jokalari multzo indartsua ez dela jakina da. Gero, Philippe Montanierrek ohiko jokatzeko eredua aldatu izanak ere alda zezakeen jokalarien aldartea, partidari begiratzeko era. Baloiaren jabetza izan ordez, baloia aurkariari oparitzea erabaki zuen entrenatzaileak. Ausardiatik ausardia ez izatera. Horrek jokalarien buruan zer eragin izan zuen beraiek jakingo dute. Azken batean, garbi dago talde osoak galdu zuela. Ez entrenatzaileak bakarrik, ez jokalariek bakarrik. Denak dira itxura eskasa emanaren erantzule.

Bigarren eta azkena zein? Osasuna aurrena izanik gureen lasterketa propioan, Athletici eta Realari helburuak gauzatzea falta zaie. Zail dute zuri-gorriek, baina bolada ona harrapatuz gero, aukerak hor daude. Realak errazago dauka, baina taldearen inguruan kezka piztu da berriz. Kontu ilunak, entrenatzailearen lana ezbaian, datorren denboraldiko balizko entrenatzaile aldaketa... Giroa gaiztotu egin da, eta hori lagun txarra izan ohi da. Halakorik ez da Athleticen jiran, eta hori onerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.