Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Bandera festa galanta

2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Banderen kontua aipatu nahiko nuke Eurokopa amaitu berri den honetan. Errepide bazterrean bandera asko ikusten ditugu bizikletan goazela, kolore askotakoak, eta gaur [atzo] Belgikakoak eta Espainiakoak nagusitu dira. Horrek zer pentsatua eman dit. Norberak bere abertzaletasuna adierazteko ikurra da bandera, eta, egia esan, Belgikan egonagatik Espainiako bandera izugarri ikusi ditut. Hona etorritako espainiarrek harro erakutsi dituzte, Espainiak Eurokopa irabazi duelako. Oihartzun handiko ekitaldia da Eurokopa, eta iruditu zait Tourra ere nahastu duela jendeak futbolarekin.

Normala da jendeak sentimenduak plazaratzea eta bere herrialdeagatik harro sentitzea. Baina guk ez daukagu inoren inbidiarik. Frantziako Tourrean ugari izaten dira ikurrinak, batez ere Pirinioetan, eta gu orduan sentitzen gara harro. Beste herrialde bateko bandera ikustean ez dugu halakorik sentitzen, baina gurea ikustean, bai. Euskaltel-Euskadi da Tourreko talde bakarra soinean bere herrialdeko sinboloa daramana. Gure ikurrina arropan daukagu telebistan ikus dadin, eta harro egoteko moduan gaude. Banderen kontu hau moda bat dela uste dut, baina egia da euskaldunok historian beti izan dugula gure sinboloa erakusteko behar hori.

Beste herrialdeak orain hasi dira horretan, eta futbolak sekulako garrantzia izan du. Eurokoparen garaiak argi eta garbi erakutsi du hori. Harrituta geratu naiz etapan zehar ikusitako bandera mordoarekin.

Etapari dagokionez, nahiko erraza izan da. 207 kilometro, lasai antzean egin ditugu. Pentsatzen dut telebistaz astun samarra egingo zela; bada, bizikletan ere, antzerako sentipenak izan ditugu. Azken txanpan tentsio ikaragarria egon da; abiadura handian ibili gara, eta tentsioak berak asko nekatzen du. Ni neu, mendia iristeko amorratzen nago, tentsio hori utzi eta bestelako sufrimendu batzuk bizitzeko. Aldapa gora, sufritu gehiago egiten da, baina gauza ederra da. Gainera, aipaturiko aldapa horietan, guri dagozkigun banderak eta koloreak gehiago ikusi ahal izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.