Bilbon egon nahi nuke gaur, baina ez nauzue han ikusiko. Hori bai, telebistaren aurrean egongo naiz urteko partida ikusteko. Buruz buruko finala hori baita, urteko partida. Pilotalekuko giroa gaiztotuta egon daitekeela esaten dute, Xalaren inguruan sortutako polemikarekin, baina nik ez dut espero hala izaterik. Ez nuke nahiko behintzat. Iragana pasea dago, eta gaur partidaren garaia da. Goizuetakoak Aimarrekin egongo dira, eta iparraldekoak Xalarekin. Ez dut keinu txarrik espero.
Azkenean jokatu behar zutenek jokatuko dute finala. Sailkatu zirenek. Xalak berea zena defendatu zuen, eta jokatuko du, eta denok pozten gara horregatik. Aimarrek berak hasieratik esan zuen Xalak jokatu behar zuela. Kritika asko egon dira, eta nik uste arautegia egokitu beharko litzakeela. Nola? Zaila da asmatzen. Askok esan didate Bengoetxeak eta Olaizolak uko egin behar ziotela jokatzeari; erraza da esatea, baina enpresak esaten badu jokatu behar duzula… Ni finala jokatzearen aldekoa naiz, gainera, buruz buruko finala beharrezkoa baita. Enpresek behar duten partida bat da, eta egun dagoen egoera ekonomikoan halako egun batek sortzen duen irabaziari ezin zaio muzinik egin. Konponbidea zein den ez dakit, baina argi dut arautegi finko batek lagunduko lukeela, hasieratik modu batera ezarri eta zorrotza betearaziko dena.
Kantxakoaz. Olaizola II.ak irabaziko duela uste dut, txakur txiki batzuk jokatu beharko banitu bere alde jokatuko nituzke. Oso ondo ikusi dut, zentratuta, eta jokoa aldatzen asmatu du. Oldarkorrago jokatu du, errematea lehen bilatuz. Konfiantza askoz dago, Irujo eta Bengoetxearen aurka ikusi zen, dena irten zitzaion. Gainera, beste inor baino hobeto egokitu da Bilboko pilotalekura.
Faborito bai, baina kontuz ibiliko behar da Xalarekin. Pasatako guztiak piztu egingo du, eta beste Xala bat aurki dezakegu gaur. Halere, ikusi egin beharko da fisikoki nola dagoen. Denbora asko egin du jokatu gabe, eta finala luzatzen bada, sumatu beharko luke. Nire ustez, gakoa hasiera da. Xalak, irabazteko, tartetxo bat ireki behar duela uste dut, lau edo bost tanto. Aldiz, hasiera orekatua bada: 5-5, 8-8, 10-10... Olaizolari egingo dio mesede, osoago bukatuko duela iruditzen baitzait.
Bukatzeko, bi hitz sake-errematearen inguruan. Gaur asko ikus daitekeen jokaldi bat delairuditzen zait, txapelketa guztian bezala, eta nik behintzat joko mota hori gustuko dut. Oso zaila da hori egitea, are gehiago erritmo bizian, eta egun asko egiten bada dauden aurrelariaren mailarengatik da. Ez da pilota kontua, ezta arauena ere, aurrelarien maila da. Ikusteko dago Irujo, Xala, Olaizola II.a eta enparauek behera egiten dutenean egiten jarraitzen den. Ez ninduke harrituko horiek behera egiten dutenean klasiko jokatzen duten gazteek berriz ere agintzea buruz buru.
Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala. Analisia
Behar zuen finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu