Beste behin ere, euskal zaleei zorionak eman beharrean nago. Ikusgarria izan da Bilbon bildu den jendetza. Lanak izan ditugu autobusetik jaitsi eta sinadura kontroleraino iristeko. Denek nahi zuten sinadura bat, eta ederra izan da. Irteeran ere zale asko zeuden, Urkiolan ere bai... Beste behin ere bereziak direla erakusten ari dira euskal zaleak, eta hau errepikatu beharra dago. Badakit batzuek Vuelta Euskal Herrira etortzearekin kritiko direla, baina politika eta kirola ez dira nahastu behar. Euskal zaleek merezi dute horrelako ikuskizuna bertatik bertara gozatzeko aukera izatea.
Gainerakoan, taktikoki lan zoragarria egin dugula uste dut. Bi taldekide sartu dira ihesaldian, Barredo eta Kruijswijk, eta Bauke Mollemari Urkiolan gora saiatzeko esan diogu. Oso gaztea da, urduri zegoen, eta buruarekin ezetz egiten zigun. Ezin hobea zen egoera, aurreko biak geratu eta zerbait egiteko aukera polita geneukalako. Baina beldurtu egin da. Normala ere bada, laugarren postua garrantzitsua delako beretzat. Ondoan jarri eta behin baino gehiagotan esan diot erasoa jotzeko. Baina ez da ausartu.
Azken etapari begira, berriz, tentsio handia edukiko dugu Madrilen biraka hasten garenean. Edozein momentutan hautsi daiteke tropela, eta erregulartasunaren sarian ere berdinduta daude Mollema eta Purito [Joaquim Rodriguez]. Munduko Txapelketan elkar ikusiko dugulakoan, gozatu azken etaparekin.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik
Beldurtu egin da Mollema
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu