Sierra Nevadan Vuelta nork ez zuen irabaziko ikus zitekeela aipatu genuen, eta faborito gehienak elkarrekin helmugaratu diren arren, Igor Antonek denbora dezente galdu du. Baten batzuk ohartu dira aurreko etapan gaizki pasatu zuela, eta berriz ere bero handia egin duenez, estutzea erabaki dute. Gu ere lanean aritu gara, Movistarren asmoa ihesaldia helmugara iristea zela ikusi dugulako. Mendatea igotzen hasi arte 20 kilometro geratzen ziren artean, eta bagenekien errepide horretan min egin genezakeela. Lasterketa irekitzea zen gure asmoa, Luis Leon [Sanchez], Mollema edo Kruijswijkekin garaipenaren lehian sartzeko.
Niri dagokidanez, egunetik egunera hobeto sentitzen ari naiz. Aipatu nizuen astebete inguru beharko nuela sasoi punturik onena lortzeko, eta lasterketan sartzen hasteko asmoa daukat, egur pixka bat emateko. Gainerakoan, atzo [herenegun], azken igoeran, Kruijswijki atzeko gurpila apurtu izanaren penarekin gaude oraindik taldean. Une horretan taldekiderik ez zeukan ondoan gurpila uzteko, eta Mentxoven taldean helmugaratu zen azkenean. Hori bai, Nibalik erasoa jo duenean, argi ikusi da indartsu dagoela, berehala erantzun diolako eraso horri. Oscar [Freire] dabil okerxeago, eta ea indartzen hasten den.
Baina lasterketaren gorabeherak alde batera utzita, tropeleko gazteenen mugimenduak aztertu nahiko nituzke oraingoan. Batzuetan galdezka aritzen gara hainbeste eroriko zergatik gertatzen diren. Baina harrigarria da batzuek arriskatzeko izaten duten gogoa. Filabres mendate erditik aurrera, oso egoera txarrean zegoen asfaltua; errepide bazterra hartxintxarrez beteta zegoen. Gorakoan hainbestean joan gara, bizikleta kontrolatuz. Baina beherakoan gazteenak hartxintxarra zapalduz zihoazen, lau postu aurreratzeko helburuarekin. Erokeria handia da hori. Benetan, ez dut ulertzen, bizi-arriskuan ibiltzen direlako. Lehen inor ez zen sartzen tokirik ez zegoela zirudien tartean, baina erotzen ari garela uste dut.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik
Benetan, ez dut ulertzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu