Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Bi egun, eta milaka istorio

2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Saskibaloiaren magia. Gustukoa izan behar, noski, saskibaloia, baina kantxa batean, partida batean gertatzen direnek edonor harritzen dute. Aurreikusi ezin daitezkeen gauzak gertatzen direlako, asteburu batean bai eta hurrengoan ere bai. Nork espero zuen Sarunas Jasikeviciusek Bilbon egin zuena egitea? Zortzi-bederatzi metrotik sartutako bi hiruko lau segundoan. Nork Kirksayk Donostian jokatu zuen partida ikusgarria, jokalari berezietan bereziena izanda ere? Nork Miroticek, 22 urterekin, 46 puntuko balorazioa lortzea? Nork espero zuen Baskoniak Cajasol hankapean ibiltzea? Nork Bartzelonak 0-2 balantzea edukitzea? Nork Tunisiako pibot batek halako oihartzun mediatikoa lortzea? Zoritxarrez, aurreikusitakoa gertatzen ari da Donostian. Lagun Aro justu antzean ari da, eta igandean erauntsi beltza hartuko du Illunben: hazita datorren bizilagun bizkaitarra. Bi talde txarrago bilatzen hasi behar ote du dagoeneko? Eutsi fedeari.

Oreka. Baliabide asko eta aberatsak izateari esaten dio oreka Gescrap Bizkaiako entrenatzaileak, Fotis Katsikarisek, eta oreka handia izan zutelako menderatu zuten Bartzelona. Eskarmentu handia duen joko antolatzailearen gidaritzapean (Nikos Zisis), partida beroetan hazi egiten den Alex Mumbru kapitaina, bikain ari den hegaleko ilehoria, Adrien Moerman, eta txaloak, era berean, taldeko errotazioan sartu den Mahmadou Samb gaztearentzat ere. 9.000 lagun pasa joan ziren Miribillara, eta Bizkaiak garaipen ona lortu zuen. Ona, parean ligako talde onenetakoa zegoelako, eta markagailuak adierazten duen baino errazago gailendu zelako (78-77). Bi hitz Sarunas Jasikeviciusen inguruan: ia hamar urte eman ditu Bartzelonara bueltatzeko; 2003an joan zen NBAra, eta bueltatu eta aukera eman dioten lehen egunean aho bete hortz utzi zituen denak. Zeukanak badaukala!

Ezustekoa. Baskoniak eman zuena. Aise menderatu zuen Cajasol, baina agerian geratu zen Sevillako taldeak lanak izango dituela aurreko urteetako lan ona egiteko. Hogei puntuko zuloa hasi eta gutxira, eta akabo. Zein da arabarren neurria? Zaragozakoa edo igande eguerdikoa? Bitartekoan utziz gero, denak pozik. Lampe bueltatu zen, eta ez zuen Ivanovic amorrarazteko moduko jokaldi txarrik egin. Causeur frantziarra ere indarrean bueltatu da, eta Chapu Nocionik ohiko grinarekin jokatu zuen, sasoiko jokalari onena izateko deman murgilduko dela baieztatuz. Hitz goxoak San Emeterio kapitainarentzat, arlo askotan lagundu zuelako, eta Rochestie eta Oleson estatubatuarrentzat ere bai. Aulkiko sakonean minutu zakua pasatu zutenenentzat ere kritika. Heurtel tokirik gabe geratzen ari da egutegiak aurrera egin ahala, eta Cabezasek ere Baskonian luzimendu pertsonalerako tarte gutxi izango duela ohartzen hasi behar du lehenbailehen.

Letoniatik ote dator argia? Kezka keinuak nagusi Illunben Lagun Aroko zaleen aurpegietan igande iluntzean. Gipuzkoarrek bihotzarekin jokatu zuten, buruarekin baino gehiago, eta, azkenerako, askotan bezala, hobeto jokatu zuen taldeak eraman zuen altxorra. Merezita, Estudiantesek hankapean ibili zuelako Lagun Aro hiru laurden osotan. Laugarrenaren hasieran 61-64 hurbildu zen Sito Alonsoren taldea, eta Salgadoren hirukoa sartu ez sartu egon zen uztaian bueltaka segundo pare batean. Sartu izan balitz zer? Ezin jakin, ez zelako sartu. Asmatu egin zuen hurrengo jokaldian Jayson Grangerrek, eta hurrengoan Tariq Kirksayk, atzokoan parean izan zituen guztiak erotu zituen jokalari bereziak. Errebotean espezialista zelako iritsi zen ACB ligara, luzean 1,98 bakarrik bada ere, baina buruan du indar handiena. Gaur lan saioetan parte hartzen hasiko da Rihards Kuksiks letoniarra, taldeak behar duen jaurtitzailea. Nahikoa izango ote? Bizkaiaren aurkako derbian eman beharko du erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.