Errugbia. Munduko Kopako finala. Analisia

Bi gidoi posible dauzka finalak

Aretz Iginiz
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Frantzia eta Zeelanda Berriaren arteko finalak desorekatua iduri lezake. Orain arte Zeelanda Berria nagusi izan da. Partida guztiak aise irabazi ditu, eta Australiaren aurka sasoi onean direla erakutsi du. Frantziak, aldiz, bost partidetatik bakarra egin du ona, Ingalaterraren aurkako final-laurdenetakoa. Jendeak anitz kritikatu du Frantziak egin duen Munduko Kopa. Egia da ez direla ongi aritu, baina finalera iritsi dira, eta meritu handikoa da hori.

Finalari begira bi aukera ikusten ditut. Partida hasieran egonen da gakoa. Zeelanda Berriak bere erritmoa inposatzen badu, orduan emaitza zabalarekin nagusituko zaio Frantziari. Zeelanda Berria Frantzia baino talde hobea da, eta horrela gertatzen bada, ez da harritzekoa izanen finala aise irabaztea. Baina gerta daiteke Frantziak lehen oren laurdenean etxeko taldea itotzea eta partida estu antzean joatea. Horrela gertatzen bada, Zeelanda Berriak irabazi beharraren presioa sentituko du, eta Frantziak gora eginen du. Partida estu baldin badoa, Frantzia ikusten dut garaile. Ez da ahantzi behar 1999an eta 2007an Frantziak dena aurka zuenean Zeelanda Berriari irabazi ziola.

Anitzek galdetzen dute nola irabazten ahal zaion Zeelanda Berriari. Argentinak final-laurdenetan egin zuen partidak erantzuna eman dezake. Aitzinean ito zuen Zeelanda Berria, baloiak motelduz, eta gibelean ahalik eta baloi gutxien utziz. Gauza da partida osoan ezin izan ziola erritmoari eutsi, eta bukaeran jaitsi egin zela. Hala ere, Frantziak estrategia horri begiratu beharko dio. Ez dut uste, horretan asmatzen badu, Frantziak behera eginen duenik, eta orduan garaipena oso hurbil izanen du. Horretan ez badu asmatzen, Zeelanda Berriak ez du zailtasunik izanen finala irabazteko.

Finalaren beste alde interesgarri bat irekitzaileena da. Carter galdu eta gero, badirudi Zeelanda Berriak aurkitu duela bere jokalaria: Cruden gaztea. Frantziaren kasuan, Morgan Parrak hartu du postua, usaian 9 postuan ari bada ere. Ikusi beharko da nola kudeatzen duten partida, eta, batez ere, haien aitzinekoek zenbat erraztuko dieten lana baloiaren jabetzako borrokan nagusituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.