Garaipenak besteei kontatzeko, besteek gu oroitzeko, besteei zerbait demostratzeko dira. Bandera garrantzitsu bat irabaztean, «orain esan dezaket», «bilobei kontatuko diet» sentitzen dugu. Prentsa, liburu edota bitrinetan gure izena azaltzeak harropuzten gaitu. Zaleen biba eta txaloek, etxekoen besarkada eta muxuek urte osoko esfortzu latza baretzen dute. Hain zuzen, haiek bihurtzen dute garrantzitsu bandera; hor du funtsa kirol lehia bizitzeko dugun modu bitxiak: besteengan.
Zorionez, 2003an TKE sortu zenetik, ligaren oihartzuna areagotzen ari da. Zorionez diot, horrek asko zabaltzen dituelako denboraldi bateko garaipen aukerak. Lehen, urteren bateko garailea identifikatzeko, Kontxaren irabazlea bilatzen genuen; eta kito. Egun, 2006koa zeinek irabazi zuen dakienak, urte hartan liga zeinek irabazi zuen ere jakingo du. Denboraldi osoko balorazioa karta bakarrera jokatzea garesti zen orduan; bandera preziatuena ez irabazteak, denboraldi itzel bat itzal zezakeen. Gaur, gauzak aldatu egin dira; eta eskerrak. Ez dugu ukatuko, ordea, Kontxak klima eta kilima bereziak sortzen dituela. Bada, iritsi da. Orain, bi astez, begiak Santa Klara eta Urgull artean izango ditugu. Eta hori ere ederra da.
Sailkatzeko faboritoez, ez dago asko luzatzeko. Eusko Treneko laurak eta San Migueleko lehen seiak Donostiarrarekin izango dira igandean kaian. Hutsune bakarra dago, eta analisi sinple eta azkarra eginda, hiru hautagai: Castro, ligan zazpigarrena; Portu, kupoen mugarik gabe; eta Orio, KAEko denak irabazita. Chapela-k ez dirudi sartzeko maila duenik. Nire apustua: Astillero.
Etzikoa egun berezia da; urteko deserosoenetakoa, baina lilura handienetakoa pizten duena. Zarauztarrok sailkatu ez sailkatu egon izan ginenetan, Mendi entrenatzaileak hala esaten zigun: «Mutilak, arazo bat daukagu; ongi etorriak arazo horiek». Izan ere, trantze horretan dauden arraunlariak haurrek Olentzero eguna itxoiten duten egonezin baina ilusio berarekin egongo dira. Animo, neska-mutilak! Bi lo egin, eta Kontxa!
Arraun-minez
Bi lo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu