Azken kilometroetan egurra izan da tropelean, Liquigasek, Astanak eta Katuxak euren taldeburuak babesteko helburu argia daukatelako. Lasterketaren ardura hartzen saiatu dira hiru talde horiek, taldeburuak arazorik izan ez zezan. Horren ondorioz, oso abiadura handian egin ditugu azken kilometro horiek. Ezkerretara bihurgune bat hartutakoan gogortu da errepidea, eta tarte arraroa izan da, erabat lauak zirelako lehen 170 kilometroak. Tentsio handia sortu dute azken zatiko gorabehera horiek, eta asko gogortu da lasterketa. Denok gindoazen oso larri, bi erorketa ere izan direlako azken igoera hori baino lehen.
Ondo kokatuta ibili naiz ni, baina dena emanda nindoan momentu batean, hiru talde horiek asko estutu dutelako. Purito [Joaquim Rodriguez] oso adi ikusi dut, eta une bakar batean ere ez da agertu tropelaren atzealdean. Erlojupekoaren ondoren mentalitatea aldatu zaiola eta Giroa irabazteko helburu argia daukala esango nuke. Barrez hasi zait bulegotik ez dela igaro esan diodanean —tropelaren atzealdeari deitzen diogu guk bulegoa—. Une oro ondo babestuta egoten da bizpahiru taldekiderekin, eta oso indartsu ikusten dut.
Renshaw-rekin esprintean lehiatzeko asmoa geneukan, baina ezin izan du ezer egin. Ez nuen uste Cavendishek tropelean igaroko zuenik mendatea, oso-oso azkar igo dugulako. Baina ez nuen uste helmugara 150 txirrindulari elkarrekin iritsiko ginenik ere, eta harrituta nago. Oso maila bikaina dago Giro honetan.
Eta, tira, zuentzat gaurkoaren [atzokoaren] antzekoa izango da biharko etapa [gaurkoa], baina ez, ez; erabat bestelakoa da. Giroko zailenetakoa da etaparen azterketa egiteko, eta oso adi ibili beharko dugu. Oso arriskutsua da. Azken sei kilometroak soilik dira lauak, eta kontuz etapa horrekin. Katuxak hartuko du, agian, lasterketaren ardura, baina kontuz ibil daitezela denak, asko zaildu daitekeelako lana. Asko sufrituko dugu. Asko.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Bulegotik ez da pasatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu