Gutxi falta da. Bost partida baino ez zaizkie gelditzen Lehen Mailako taldeei jarduna amaitzeko. Hamabost puntu jokoan. Aurretik, 99 izan dituzte beren helburuak gauzatzeko. Baina, oraindik, hainbat talde lehian ari dira bakoitzaren asmoa gauzatzeko. Dena erabakiko da bost partida hauetan. Ez da ezer falta, baina batzuei dena falta zaie. Gureen artean, Osasuna Europarekin ametsetan ari da, eta atzeranzko pausoa eman zuen igandean. Athletic, aldiz, aurreraka doa, eta gertuago dauka Txapeldunen Liga. Reala ere badoa, pixkanaka, ez jaisteko helburua dagoen lekura.
Gainezka. Dena jokoan izanda, entrenatzaileak eta jokalariak larri antzean egoten dira garai honetan. Ez denak, bakoitzaren izateko eraren araberakoa baita. Baina, gutxi-asko, kanpora azaleratu edo barruko kolkorako gorde, ia denak izaten dira ohi baino erretxinduago. Osasunaren kasuan, motiborik ez daukate haserre ibiltzeko, helburu nagusia lortua baitute. Datorren denboraldian ere Lehen Mailan izango da, eta handia da lorpena. Galdetu, bestela, Gijonen eta Santanderren. Helburu handia lortuta, beste baten bila abiatu da taldea, eta Europan amaitzen da bidaia hori. Ez da samurra izango, oztopoak nonahi edukiko ditu, eta aurrenekoa Sevillan aurkitu du. Epailea ere tarteko. Eta Jose Luis Mendilibar haserretu egin zen. Epelak esan zituen prentsaren aurrean, epailearen lana txarra izan zela esanez, eta kazetarien lana gogor epaituz: «Lasai egon, telebistetan gure partidako jokaldi eztabaidagarriak ez dituzte-eta berrogei aldiz emango». Beste batzuenak ematen dituztela esan nahi zuen, Real Madrilen eta Bartzelonaren presentzia neurrigabekoa hedabideetan gogoan. Mendilibar ez dago urduri Europako helburua gauzatuko, ez gauzatuko. Nazkatuta dago bi talde handienei ematen zaien tratua eta gainerakoei ematen zaiena oso ezberdinak direlako. Gainezka egin du. Baina ez da garaia halakoak salatzeko. Buru eta belarri, Europan izan behar du arreta. Berak eta talde osoak.
Ezberdina. Ez zen ohiko partida San Mamesekoa. Parentesiaren antza zeukan. Ireki aurretik zena eta itxi ondoren izango dena ez dira gauza bera izango. Ostegun beltz batean ireki zen, eta inoiz itxiko ez bada ere, igandean itxi bezala egin zen. Zale bat gutxiago dauka Athleticek, eta ez da berez hil. Ez zeukan hiltzeko adina. Kontua da ez dagoela, eta Iñigorik gabeko lehen partida izan zen igandekoa. Omenaldiak egin zitzaizkion. Zelaian eta zelaitik kanpo. Hunkigarriak denak. Eta jakina, jokalariak ere pertsonak dira. Ez zuen Athleticek ohiko bizitasunez jokatu. Nahi eta ezin bezala aritu zen. Makalago. Geldoago. Zehaztasun gutxiagorekin. Burua ez dabilenean ondo, gainerako guztiak ere planto egiten du. Ezberdina izan zen igandekoa. Futboletik kanpo dauden kontuengatik. Halakoetan, irabazi eta kito. Bideak—edo Marcelo Bielsak esaten duen bezala, prozesuak— ez du hainbesteko garrantzirik izaten. Egoera berezietan, burua beste leku batean dagoenean, irabaztea da dena. Horixe egin zuen Athleticek. Iñigok ospatuko zuen dagoen lekuan dagoela.
Lasaitasuna. Realaren ibilia denboraldi honetan ez da ari erraza izaten. Oztopoz beterik dauka bidea. Eta larriena da oztopo asko bere ingurutik sortuak direla. Bat eta nagusia, hauxe: Philippe Montanierren balioa, geroa eta lana. Entrenatzaile baten lana ezin epai daiteke egunero nolako lana egiten duen aztertu gabe. Entrenatzaile batek partidetan hartzen dituen erabaki guztiek daukate azalpena, gustatu edo ez, ados egon edo ez. Baina Montanier da zartako guztien hartzailea. Orain Montanier da, eta lehen beste batzuk. Eta gero, ondorengoak. Entrenatzaileak hartzen du ezker-eskuin futbolean. Egiten duena egiten duela. Orain, aldaketak gaizki eta berandu egitea leporatzen zaio. Hori ez bazen, beste zerbait leporatuko zitzaion. Eta beti da horrela entrenatzaileekin. Ez dago entrenatzaile perfekturik, baina egur-emaileek ez dute hori jakin nahi. Horrela daude gauzak Realean, eta agintariek hartu beharko dute erabakia, hartu behar badute, behintzat. Beste denboraldi baterako tratua dauka lotua Montanierrek. Denboraldiaren amaieran lasai eseri, hitz egin, eta aztertu egin beharko dute. Burua bere lekuan dutela denek. Urduri jartzeko garaiak dira hauek, amaiera gertu dagoelako. Realean, eta bere inguruan, urduritasuna hasieran, erdialdean eta amaieran egon da. Eta horrela lan egitea oso zaila da. Gauza gehiegi jasaten ari da Montanier.
Aulkitik begira
Burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu