jon eskudero
Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Cancellarak hegan egin du

2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Fabian Cancellara (RadioShack) itzuli da maila gorenera. Nola itzuli ere. Erakustaldia emanda gailendu zen atzo Frantziako Tourreko 6,4 kilometroko aitzin-etapan. Ez zuen kontrariorik izan, eta 2004an eginiko balentria errepikatu zuen. Orduan izar berri bat piztu zen, Lance Armstrongi aitzin-etapa irabazi ziona, eta atzo garbi geratu zen izar horrek oraindik ere distira egiten duela. Bizikleta gainean hegan egin zuen Liejako (Belgika) errepideetan, 7.13 minutuko denbora markatuta. Hasi eta buka aise aritu zen Cancellara; batez beste, orduko 53,2 kilometroko abiaduran korritu zuen, eta zazpi segundoren aldea atera zien Bradley Wiggins (Sky) bigarren sailkatuari eta Sylvain Chavanel (Omega) hirugarrenari. Hala, berak jantzi zuen elastiko horia, eta soinean eramatea du helburu Tourra Frantziako lurretan sartu arte.

Azken hamarkadako erlojupeko espezialistarik onenetakoa izan da Cancellara. Azken bi urteetan, ordea, itzalean egon da. Atzo ere inor gutxik egingo zuen apustu haren alde, baina babak eltzetik azkar atera zituen. Lehen pedalkadetatik igarri zitzaion sasoian dagoela. Ibilbidearen erdialdean —3,2. kilometroan— suitzarrak egin zuen denborarik onena, eta lanari jarraipen ezin hobea eman zion bigarrenean. Horixe da, hain zuzen ere, hain etapa motzen gakoa, lehen kilometrorik azkenera arte orekari eustea, eta Cancellarak ederki asmatu zuen. Hori bai, ahala ere eduki behar da.

Aspaldian itzalean egon izanaren errua lesioek ere izan dute. Izan ere, joan den apirilean sorbalda lau tokitatik hautsi zitzaion Flandriako Tourrean, eta buruhauste franko eman dio lesioak. Horrez gain, orain gutxi jokaturiko Suitzako Itzulian Peter Saganek (Liquigas) menderatu zuen aitzin-etapan. Kolpe gogorra izan zen Cancellararentzat. Ordea, arantza ateratzeko aukera izan zuen atzo, eta, bide batez, txirrindulari lehiakorra izaten jarraitzen duela erakusteko. Askok ezustekotzat hartu zuten atzoko emaitza, baina hurrengo bi erlojupeko luzeetan kontuan hartu beharrekoa da suitzarraren izena.

Hinaulten marka berdindu du

Hain zuzen, liburu batean baino gehiagotan egongo da idatzita Cancellararen izena, atzo marka historiko bat berdindu baitzuen. 1967. urtean ekin zitzaien aitzin-etapei, eta estreinako garaipena JoxemariErrandonea euskaldunak lortu zuen. Frantziako Tourrari dagokionez, baina, Bernard Hinault zen erregea, bost garaipen lortuta. Bada, Cancellara zifra horietara iritsi zen atzo. 2004an igo zen lehen aldiz podium batera aitzin-etapa bat irabazita, eta ondoren etorri ziren 2007ko, 2009ko eta 2010eko garaipenak. Horiek adina ilusio egin zion atzokoak, suitzarraren esanetan.

Ez da gutxiagorako. Wiggins baitzen faborito nagusia lehiari ekin aurretik. Sky taldeko ziklista sasoi betean iritsi da Tourrera, eta atzo ere erakutsi zuen indarrean jarraitzen duela. 6,4 kilometroen lehenengo zatia ez zuen batere ona egin; bigarrenean, baina, indar erakustaldia eman zuen. Ibilbidearen erdialdera iristerako sei segundo zituen galduak, baina ondoren denak berreskuratu zituen. Faborito nagusien artean bera izan zen onena, dudarik gabe. Goraipatzekoa izan zen ingelesaren lana, Chavanelena bezalaxe. Omegako txirrindularia Frantziako txapelduna da erlojuaren aurka, baina inor gutxik pentsatuko zuen hain denbora ona egingo zuenik. Sailkapen nagusiko lehian sartzeko aukerak ditu.

Faboritoei erreparatuta, Denis Mentxovek (Katuxa), Cadel Evansek (BMC) eta Vincenzo Nibalik (Liquigas) denbora txukuna egin zuten. Ez ziren aurrean sailkatu, baina pedal kolpe onarekin daude. Akaso zerbait gehiago espero zen Evansengandik, baina Wigginsen lana berdintzea ez zen batere zeregin samurra.

Samuel, Basso... kaskar

Txanponaren beste aldean ibili ziren, besteak beste, Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Ivan Basso (Liquigas), Alejandro Valverde (Movistar) eta Michele Scarponi (Lampre), faboritoetako batzuk. Ez zituzten denbora galera handiak izan, erlojupekoa bera motza zelako, baina ez da seinale hona lehia hala hastea. Dena den, Samuel Sanchez hobeto moldatzen da erlojupeko luzeetan, eta nahiko sasoi onean dago.

Eguneko ezbeharra Gorka Verdugok (Euskaltel-Euskadi) izan zuen. Biribilgune batean lurra jo zuen pedalarekin eta erori egin zen. Erlojupekoa amaitu ondoren, erietxean amaitu zuten, eta badirudi ez duela inolako hausturarik. Lehen euskalduna Euskalteleko Mikel Astarloza izan zen, 43. postuan, 23 segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.