Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

'Chi la trova, vince'

Juanma Garate.
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Chi la trova, vince. Horixe dio nire ezagun batek Italiako Giroko zenbait etapa amaieraz; alegia, topatzen duenak irabazten duela. Eta horixe gertatu da gaur [atzo]. Haedo ez da nahastu azken biribilgunean, ondo topatu du irteera egokia, eta berea izan da garaipena.

Hori bai, nori okurritu zaio helmugarako 300 metro eskasen faltan biribilgune bat pasatu behar izatea? Ez dute pentsatzen euria egin dezakeela? Azken metroetan orduko 60 kilometroko abiadurara joan gaitezkeela? Ba, badirudi inor ez dela horrekin pentsatzen jarri, bestela, ulertezina da horrelako etapa amaiera bat jartzea. Ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Eta ez dit balio esatea txirrindulariok ibilbidearen nondik norakoak zehatz-mehatz jakin behar ditugula. Bai, ez? Eta horretarako ibilbide-liburura jo, ez? Gaurko [atzoko] azken hiru kilometroak lauak zirela dioen liburura? Eta orduan zergatik igo behar izan dugu 500 metro inguruko aldapa bat etaparen amaieran? Argi dagoena da txirrindulariok ezin dugula ibilbide osoa zehatz-mehatz ezagutu. Hori egiteko etapa guztiak aztertu beharko genituzke, kilometroz kilometro, eta hori ezinezkoa da. Beraz, horrek ez dit balio. Eskas. Nota hori jarriko nieke gaurko [atzoko] etapa diseinatu zutenei.

Etapak, bestela, kaltetu bat izan du guztien gainetik: Purito [Joaquim Rodriguez]. Pena da. Gainera, gertatu zaionak izango du eragina biharko [gaurko] etapan, Purito baitzen Peña Cabargan irabazteko hautagaietako bat. Orain, baina, nahikoa izango du lehian jarraitzearekin. Eta Purito ia lehiatik kanpo, Katuxak ez du etapa kontrolatuko, eta horrek lasterketa gogortuko du. Ziur naiz kostako dela eguneko ihesaldia osatzea. Eta behin Peña Cabargan, zer? Ezer baino lehen, erabakigarria izango da ondo kokatuta iristea. Nerbioak egongo dira, tentsioa, eta jendeak oso gogoan izango du iaz Igor Antoni gertatutakoa. Bauke [Mollema] saiatuko da aurrekoei segundo batzuk kentzen, eta, zergatik ez, etapa irabazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.