Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Duintasuna

2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Adostasuna. Ñabardurekin, ACB ligako hiru euskal taldeetako entrenatzaileek erabili duten hitza da duintasuna, asteburuko jarduna laburbiltzeko. Duintasunez galdu zutela esan du Sito Alonsok, parean Europako talde onena izan eta jaurtiketetan trakets ibilita ere ez zutelako inoiz etsi. Duintasuna eskatu zien Gescrap Bizkaiako entrenatzaileak bere jokalariei, epaileek aldageletara bidali aurretik. Duintasunaren mugan ibili direla iradoki du Dusko Ivanovic Caja Laboraleko entrenatzaileak, jokalariek irtenbidea euren kabuz bilatu nahi izan zutelako. «Emaitza ikusi duzue: aspaldi egin dugun partida txarrena. Erabakigarria ez delako, gaitzerdi». Duina da Baskoniak Kopa jokatzea, bere kirol ibilbidea bikaina delako. Duina bizkaitarren kasuan, hazten ari den taldea delako. Duina Donostian egiten ari diren ahalegin handia. Biek dute Kopa jokatzeko aukera, eta ez da gutxi. Gaur bi aste, edo gaur hilabete eta erdi nola zeuden ikustea baino lan errazagorik ez.

Nahi eta ezin. Erraz egiten ditu gauzak Bartzelonak, eta erraz egin zituen Donostian. 8.130 zaleren aurrean, inoiz ez bezala hazita zegoen taldearen aurka. Navarro eta N'Dong gabe, baina Mickeal, Eidson, Erazem Lorvek, Joe Ingles, Perovic, Vazquez, Huertas, Sada eta abarrekin. Saiatu, muturreraino saiatu zen Lagun Aro, baina saskiarekin haserre zeuden atzo jokalariak, eta puntuak batzen ez badituzu, agur. Ederra Mickeal zaleak amorrarazten, parean Vidal, Panko edo Papamakarios izanda ere, jaurtitzen zuen guztia sartzen zuelako. Edo Inglesen bi hiruko Baronen besoa gainean zuela, Bartzelonako jokalari oro jokalari ona dela erakusteko. Ikasteko modukoa Bartzelonak Baronengan egin zuen defentsa, saskiratze errazak oztopatzeko daukan kemena. Eta goraipatzekoa etxekoen fedea. Kontrakarrean beti, sei, bost puntura, eta kolpe askori buelta emateko adoretsu. Kopa etorriko da, edo ez, baina Lagun Arok asko irabazi du azken hilabetean.

Taktika ezkutuak. Zergatik ez dituzte kamerak jartzen taldeen aldageletan atsedenaldietan? Sekulakoa litzateke Katsikarisek euren jokalariei botatakoak entzutea, Valladoliden aurka egin zuten lehen zatia penagarria izan baitzen. Kemenik gabe, ahul, galduta, adorerik gabe, noraezean... Oihuek bere eragina izan zuten, bospasei minutuan etxeko taldeak hamar puntuko zuloa ireki zuelako aitaren batean. Katsikarisek bere kaleratzea behartu zuen orduan. Erantzukizun osoa bere jokalariei uzteko modu bitxia. Hori bai, Rafa Pueyo bere laguntzaileari «irabaz ezazu partida» esan zion. Eta irabazi egin zuten. Katsikaris kaleratu zutelako. Jokalariak matxinatu egin zirelako. Noizko 40 minutuko partida on bat?

Umezurtz. Halaxe dago Baskonia. Ivanovicek berak esana: «Egia da ez daukagula saskipeko erreferentzia indartsurik, baina horrek ez du esan nahi pibotekin jokatu behar ez dugunik». Maciej Lampe Koparako itzul omen daiteke, baina ez da nahikoa izango. Golubovici otsailaren 5ean bukatzen zaio kontratua, eta oraingoz, ez du taldean jarraitzeko merezimendu askorik egin. Teletovicek ere mina dauka ukondoan, eta kapitaina jokatu ezinik geratzeak errematea eman diezaioke Manresaren aurka penagarri aritu zen taldeari. Igandean Real Madril. Batzuk eta besteak nola dauden ikusita, beldurra ematen du.

Kopako kontuak. Asteburu beroa datorkigu. Larunbat iluntzean hasiko da tentsioa. Santiagon jokatuko du Gescrapek. Hirugarren garaipena lortu nahi du errenkadan, eta igande eguerdian beste emaitzei begiratu. Zaila dago kontua. 8-8 balantzearekin dauden hiru taldeetatik bik galdu behar dute: Valentziak, CAIk edo Fuenlabradak. Lagun Arok Murtzian irabazten badu, multzo horretako lautik hiruk. Lagun Arok panorama hobexeagoa du: berea irabazi behar du, eta aurretik dituen hiru taldeetatik bik galdu. Bat ziurtzat jo daiteke: Zaragozak Bartzelonan. Badalonan eta Fuenlabradan dago altxorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.