Eman edo jaso. Egurra, alegia. Liga azken herenean sartu da, eta begiratzen den tokira begiratuta, premia edo beharra ikusten da. Kale egiteko tartea gero eta txikiagoa da, eta taldeak ez daude barkatzeko. Alacant, adibidez. Jarraian bost partida galdu ostean, kanporaketak jokatzeko azken trenera igotzea lortu du, Lagun Aroren kaltean. Nola? Jarrera oldarkorrarekin, egurra emanez, etxetik kanpo irabaztea zaila dela erakutsiz aurkariari. Egurra eman zuen Bizkaiak tarteka, baina nahikoa izan zuen, Estudiantes bere kasa urtzen baita, egur handirik eman gabe. Bestelako egurra eman zion Caja Laboralek Unicajari, eta min ematen duen egurra eman gabe, txikituta dagoelako Unicaja, ez hanka ez buru, nora joan nahi duen jakin gabe eta jarrera baldarrarekin. Jardunaldiak zortzi onenen artean utzi ditu hiru euskal taldeak berriro, baina gehiegizko konfiantzarik ez, estu baitago kontua. Liga erregularra gaur bukatuko balitz, Real Madrilen aurka jokatuko luke Bizkaiak, eta euskal derbia izango genuke azken laurdenetan. Ikusgarria!
Arratsalde lasaia. Baskonia, amorratuta Donostian galdu zuelako, eta nora ezean dabilen aurkari aproposa. Ondorioa, egurra. Halako zerbait gerta zitekeela sumatzen zen, eta hala gertatu zen. Partida hasi eta berehala bukatu zen, Baskonia 20-6 aurreratu zelako lehen sei minutuetan. Hondoa jota dago Unicaja, eta, haren kapitain Berni Rodriguezek esan bezala, bidea nola bilatu ez dakiela. Maldan behera doa etengabe, eta kanporaketetatik at geratzea izan liteke kolpe latzena. Baskoniak, bitartean, lanean. Teletovic eta Lampe puntuak sartzen, Prigioni agintzen, eta defentsa ona egiten. Bi garaipenera segitzen dute Real Madrilek eta Bartzelonak, eta bederatzi partida falta dira liga bukatzeko. Estudiantes dator Gasteizera igandean, eta Real Madril Donostiara. Garaipen bakarrera gera liteke Baskonia, pizgarri nahiko apirilaren 9ari begira. Real Madrilek Gasteizen jokatuko du orduan, 15.504 zaleren presiopean. Ligan kantxa batek har dezakeen kopuru handiena.
.
Talderik ez. Loreak eta loreak bota dizkiogu Lagun Arori, taldeko saskiratzaile onenek kale egiten bazuten edo zaintza ona gainditu ezin bazuten alternatiba asko zituela taldeak. Alacanten ez ziren agertu, eta galdu egin zuen Donostiako taldeak. Jakina zen Txus Bidorretak partida ondo prestatuko zuela, iaioa delako, eta lehen iturria ixten asmatu zuen, Javi Salgado itotzea. Santutxukoa beste inork baino hobeto ezagutzen du Bidorretak, eta mugitzeko askatasuna kendu zion. Salgado gabe, Pankok hartu zuen ardura. Asmatu egin zuen lehen laurdenean. Baina, ondoren, zaintza bikoitzak egin zizkion Alacantek, eta akabo. Beste hainbeste Jimmy Baronekin, Ty Ellisen defentsa itsaskorra gainditu ezinik. Betts eta Vidal txukun aritu ziren, baina Neto, Papamakarios, Lorant eta Doblas ez, eta horien laguntza falta asko nabaritu zuen Lagun Arok. Beti legez, baikor mintzatu da Sito Alonso: «Joko fisikoa egiten duten taldeen aurka jokatzen ikasi behar dugu. Bide hori hautatu du Alacantek, eta merezimendu osoz menderatu gaitu. Uste dut porrot egokia dela ikasteko». Entzun eta isilik geratu.
Liga edo Euroliga? Aukera emanez gero, biak aukeratzea onena. Gescrapek bi lehiaketetan bete-betean aritzeak dakartzan zehar kalteak ezagutu ditu, eta beldurtu egin da apur bat. Euroligan dena emateak komeriak dakartzalako ligan. Nekeagatik, eta aurkariek ere ohi baino gehiago estutzen dutelako. Bilbon funtsezkotzat jotzen zen Estudiantes menderatzea, igandean Sevillan jokatuko dutena ezinezkotzat baitaukate ia-ia. Larunbat arratsaldean iritsiko dira Moskutik, eta apenas izango duten atseden hartzeko tarterik. Zalantzak aste pare batean iraungo du. Euroligan jarraitu nahi dute denek, Istanbulera joan, baina horrek maiatz hasieran oporrak hartzea ekar dezake, zortzi onenen artean sartzen ez bada. Erabaki zaila.
Zonakako defentsa
Eman edo jaso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu