Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Erreskatea

2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Krisia. Estu eta larri dabiltza Osasuna, Athletic eta Reala. Aurrera baino gehiago atzera egiten ari dira. Atzera sailkapenean, atzera jokoan. Edo, bakoitza bere lekuan jarrita, atzera jokoan, eta ondorioz, atzera sailkapenean. Osasuna ezin da beherago joan,Athletic sutan sartzeko gertuegi dago eta Realak hurbilago ditu infernuko deabruak Europako aingeruak baino. Krisian daude hirurak. Emaitzez harago doan krisian.

Lana eta gabezia. Bi hitzok elkarren alboan itsatsiz gero, langabezia. Baina ez da gure taldeen kasua, lana sobera baitute egiteko. Lan gabezia da batzuena, baina ondo azaldu behar da kontzeptu hori, inor haserretu ez dadin. Gaitz hedatua da egun futbolean lan taktiko eskasarena. Taldeak jokatzen ikustea nahikoa da horretaz jabetzeko. Taktikaren garrantzia auzoan ari da geratzen, tamalez. Taldeen gabezia izan daiteke ez lantzeagatik, edo jokalariek kontzeptuak barneratzeko zailtasuna izateagatik, landu arren. Osasuna mugatuta dabil mugimenduen alor horretan, baina zalantza egiten dut ez lantzeagatik den edo jokalariei kostatzen ari zaielako. Realarena argia da, lan taktikoari ez zaio batere garrantzirik ematen. Ez da lehentasuna, teknika dago taktika baino dezente aurrerago Montanierren ereduan. Lan gabezia dute bi taldeek, arrazoia bat edo bestea izan. Eta krisi sakon honetan, langabeziaren parean jarri behar arazoa: ez dauka konpontzeko trazarik.

Zenbakien anabasa. Krisian handiegia izaten ari da azalpen batzuen ulergaitz izateko ezaugarria. Hitzak eta hitzak, baina azalpen garbirik ez. Ekonomian galduta gabiltzanontzat oso kontu ilunak. Antzekoa da Athletici gertatzen ari zaiona. Ulertzen lanak. Joan zen denboraldian, orkestra doituenaren pare egiten zituzten mugimenduak jokalariek. Orain, aldiz, ez. Ahaztu egin al zaie egun batetik bestera? Zail ematen du behin ikasitakoa ahaztea. Orduan zer gertatzen ari da? Duela hilabete gutxiko taldeak beste bat ematen zuen eta beste entrenatzaile batek zuzendua, gainera. Ura eta ardoa. Eguna eta gaua. Jokatu partida bat, jokatu beste bat, eta aurrerapen gutxi. Eta urratsa egiten denean bide onean, hurrengoan bi pauso ematen dituzte atzera. Ulergaitza. Krisi malapartatu hau ulertzea bezain zaila izaten ari da Athleticen bolada txar honi neurria hartzea.

Arrisku saria. Arriskua eta saria uztartzea ere ekonomian bakarrik gertatuko da, baina hor daude elkarren alboan, eguna joan eta eguna etorri. Sariaren arriskua ote? Sariak arriskurik ez du, nik dakidanez. Arriskuaren saria, hortaz? Arriskuak hartzeagatik ematen den saria ote? Auskalo. Futbolera ekarrita bi hitz horiek, arriskuen saria bezain gori eta gorri dago Realeko entrenatzailearen geroa. Denboraldi honen amaieran bukatuko zaio kontratua, eta zeruak eta lurrak bat egin ezean, datorren denboraldian beste nonbait ariko da lanean, lan gabeziak (taktikoaz ari naiz) langabezian uzten ez badu behintzat. Langabeziara joateko sariaren arriskuan, puntaren puntan da Normandiakoa. Bielsa ere estu dabil, gero eta estuago. Hipotesiak nonahi eta zernahitan dabiltzan garaiotan, demagun Athleticek ez duela bururik jasotzen urtea bukatu aurretik. Arriskuaren mugan zein egongo litzatekeen asmatzea ez da zaila. Mendilibarren jiran lasaitasuna zegoen. Orain badago? Sari nagusia eskuratzeko arriskuan dagoela esatea askotxo da, baina hipotesi berari eutsita, arriskuan egon daiteke bere burua gauzak zuzentzen ez badira. Egia esatera, arriskua eta saria lot daitezke entrenatzaileen kasuan: arrisku handiena haiena da, eta merezi dute saria. Baina ez zuzendari eta agintariek ematen dieten hori.

Interesak. Euskal zalea gero eta urduriago dago. Joaten zaio burua denboraldiaren hasierara, eta gogoratzen da nolako asmoak zituen bere taldeak. Handiak hiruren kasuan, handitasunaren gorabeherekin. Ekartzen du gogoeta orainaldira, eta izerditan hastea dena bat izaten da. Jarri zituen itxaropenaren diru poltsak taldearen banketxean, egin zuen inbertsioa, eta orain, galera baino ez. Eta gainera, interesak ere ordaindu egin behar. Interes bizia dauka bere taldeak gora egin dezan. Ekonomiaren krisi larrian, herri xehea ari da kolpe latzenak jasotzen, eta futbolean zalea dela kolpatuena esatea gehitxo esatea izango da; futbolariek, agintariek eta entrenatzaileek ere pairatzen baitute galera etenik gabeko hau. Denei komeni zaie, hortaz, krisi hau garaitzea, eta denen eskuetan dago erreskatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.