Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik

Errutina pisutsu egiten da

2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Gaurko [atzoko] etapa gogorra bezain azkarra izan da, eta nekatuta iritsi gara hotelera. Baina nekea ez da soilik etapena izaten ari, jada errutina batean sartuta gaude, eta pisatzen hasi zaigu. Bi aste daramatzagu dagoeneko etxetik kanpo, eta hango ohituren falta sumatzen dugu; hango janariarena, bereziki. Afaltzen komentatzen genuen taldekideon artean, gustura hartuko genukeela orain etxeko beroa.

Egunero hotel berean esnatzen gara, egunero kolore laranjaz janzten gara, gosaria ere berdina izaten da, masaje emaileekin ordu asko egiten ditugu, etapak desberdinak izan arren bizikleta gainean lauzpabost ordu egiten ditugu egunak joan eta etorri... Egia esan, eguna azkar pasatzen zaigu, konturatu orduko, baina asteak ez. Gogoa daukagu etxeko arropa janzteko eta Euskal Herrian egoteko.

Baina errealitatea ez da hori, eta oraindik bi aste geratzen zaizkigu lehiatzeko. Gogoz eta ilusioz beterik gaude, taldea bera ere hasi baita hobeto funtzionatzen. Orain arte eginiko lana ez da oso ona izan, baina gaur [atzo] ongi moldatu gara, eta iruditzen zait aurrerantzean dena izango dela errazagoa. Etapa garaipena dugu helburu, eta, noski, Igor Antonekin sailkapen nagusian postu ona lortzea ere bai.

Bihar [gaur] Andorratik Bartzelonarako bidea egingo dugu, 200 kilometrokoa. Egun gogorra izango da; baina ahal baldin badugu, ihesaldi batean sartuko gara, etapa egokia da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.