Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Guadalupetik

Esaten nuen ba ezin nuela!

Juanma Garate.
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Zergatiarekin harrituta geratuko zarete, baina lehertuta nago. Euripean ekin diogu etapari, eta arriskutsu samar zegoen errepidea. Tentsio handia nabari zen tropelean, baina oso azkar ibili garen arren, ez da arazo handirik izan. Hori bai, nik oso sentipen arraroak eduki ditut hasieratik. Indarra egiten nuela nabaritzen nuen, baina bizikletak ez zuen aurrera egiten. Amaieran, Gesinken ondoan egotea zen nire lana, baina jaitsieretan ere ezin nion eutsi tropelaren erritmoari!

Helmugara iristeko hiru kilometro falta zirela, atzean geratu naiz. Boonen, Steegmans eta gainerako esprinterren taldetxoak harrapatu nau, eta horiei ere ezin nien jarraitu! Neurekiko pentsatzen hasi naiz ea gaixotu egin naizen edo 24 orduko tartean sasoia galdu ote dudan. Baina helmugako marra igaro eta berehala jabetu naiz zer gertatu zaidan. Galga atzeko gurpila ukituz zihoan une oro. Eta ez zen ukitu txiki bat. Erik Breukink taldeko managerrak esan dit ezinezkoa dela etapa guztia horrela egin izana. Baina egin dut... Esaten nuen ba nik ezin nuela!

Horrelako akatsak egiteko gazte-gaztea ere ez naizela pentsatuko duzue, baina horrek ere badauka azalpena. Euria ari zuenez, gurpilei presioa kendu diegu etapa hasi aurretik. Kilometroak egin ahala, gainera, gurpilak presioa galduz joaten dira, eta nire ezina horregatik zela uste nuen. Badaezpada ere, behin baino gehiagotan begiratu dut ea gurpila zulatuta zegoen. Baina ezin nuen asmatu zer ari zen gertatzen. Azken igoeran Lars Boom taldekideak ere pasatu nau, eta berari esan diot indarra egiten nuen arren ezin nuela aurrera egin. Autobusera iritsi eta bost minutu behar izan ditut kaskoa kentzeko. Pentsa!

Baina, tira, pasatu da eguna eta aurrera begiratu beharko dugu. Euria eman dute biharko ere [gaurko], eta haizeak orduko 40-50 kilometroko abiadura izango omen du. Kostan gabiltza, eta tentsio handia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.