Berdez jantzita hasi zaigu San Miguel liga; argiz aurrena; ilunez gero. Joseba Amunarrizek astindu zuen lehen bandera; TKE liga sortu zenetik estropada denak jokatu dituen patroi bakarrak. 20 trapu dantzarazi ditu! Bistan zen ohitua dagoela, inor horretara ohitzen bada. Beteranoa eta debutaria; igandean Jon Arroquerok hartu baitzion lekukoa. Estreinakoan, bandera. Hori ilusioa, hori distira gazte haren aurpegian nabari zena. Kaikuko arraunlariak ere patroiagatik euren buruagatik baino gehiago poztu zirela zirudien. Lemazaina bandera hartzen ari zela, Carlos Rodriguez hankekoaren aurpegia ikusi besterik ez zegoen hari begira, txopan eserita, izozturiko irribarreaz. Berak irabazitako lehena gogoraraziko zion.
Esperantzara deituak daude Hondarribia eta Kaiku: ligaren goiko lekuak betetzera. Arrauna bizitzeko bi mundu: harrobiaren eta karteraren paradigmak. Arraun egiteko bi modu: luzea, gozoa, pausatua bata; motzagoa baina bizia, oldarkorra bestea. Zein baino zein eraginkorragoak, ordea, bien ardatzean bloke sendo eta lan handi bat baitaude. Apustuzalea banintz, lehenak iaz baino bandera gehiago (gutxienez lau) eta bigarrenak berriro liga irabaziko dituztela jokatuko nuke.
Berde samar ikusi ditugunak bi debutariak eta kantabriarrak dira. Portugalete eta Zierbena esperantzara kondenatuak daude oraingoz: halako asteburu gehiago ez pasatzera. Arrazoiak, aitzakiak bilatuko dituzte, bi egunotakoa anekdota bihurtuta, azkar erreakzionatzen saiatzeko. Beste hiruren alarmak ere piztu dira. Uztaila horixe baita hemen ere: uztak jasotzeko hila, eta orain puntuak biltzen ez dituenak gorriak ikusiko ditu gero.
Gorriak ikusi ez, eta martxa horretan euren jantzian eta ontzian baino ikusiko ez dituztenak zumaiarrak dira. San Juanen baimenaz, asteburuko garaileak dira niretzat. Laudorioak ez litzaizkidake sartuko zutabe honek uzten dizkidan lerroetan 21 arraunlaritatik 18 harrobikoak dituen kuadrillarentzat. Zabaletarenak iazkoa ez zela txiripa ari dira erakusten. Nik, duela hiru egun, Zumaia gaur azken lau postuetan egon baietz jokatuko nuke lasai. Eskerrak ez naizen apustuzalea.
Arraun-minez
Esperantza berdea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu