Indartsuenek aldapa nola igo duten ikusita, ez zuen ematen guk igo duguna zenik! A zer aldapa! Baina etapa guztia izan da oso gogorra. Amaieran jota geunden denok. Ibilbidea bera ere ez dakit ez ote den ari izaten gogorregia, lehen astea dela kontuan hartuta. Urrutira joan gabe, biharkoa ere [gaurkoa] ez da erraza. Amaiera urduria izango da. Normalean jaisten garen aldetik igoko dugu Kordobako mendatea. Errepidea zabala da, baina aldapa handia dago. Ez da borrokarik faltako.
Guri dagokigunez, etapan lehiatzeko hiru aukera geneuzkan: Mollema, Kruijswijk eta Luis Leon [Sanchez]. Amaiera hauetan ondo moldatzen ari da Luis Leon, baina ikusi egin beharko da Anglirura iristen garenean nola erantzuten duen. Horrelako amaierak egokiagoak dira, agian, Baukerentzat [Mollema]. Baina oraingoz egin nahi genuena egiten ari gara. Biharko etapa [gaurkoa] Oscarrekin [Freire] irabazten saiatzeko asmoa geneukan, baina Oscar ez dago ondo, eta plan aldaketa edukiko dugu, ziurrenik. Ihesaldian sartzen saiatu beharko dugu, helmugara irits daitekeelako.
Zutabea ez nuke amaitu nahi etapako istripu bat azaldu gabe. Mendatea jaisten ari ginela, 50 metrora geneukan tropel nagusia, eta Arvesen tarte hori jan nahian zebilen. Bat-batean, mutiko bat bide erdira atera da ur bidoi bat hartzera. Eta, noski, kolpe handia hartu dute Arvesenek eta biek. Bide erdian geratu da mutikoa, ama garrasika hasi da... Izugarria. Zaleei esan nahiko nieke lasterketa bat ikustera joaten direnean ez ahazteko lasterketa bat dela. Autoak, motoak, abiadura izaten dira. Eta, mesedez, guraso zaretenok, umeei heldu une oro eskutik. Ondo dago mutikoa, baina kontuz, mesedez!
Eta, tira, Txente Garciari ere animoak bidali nahiko nizkioke. Erori eta ospitalera eraman dute —ezker besoko kubitua, erradioa eta orno bat hautsita dauzka—. Beste urtebetez jarraitu edo ez zalantzan zegoen, eta eutsi, Txente, ezin zara horrela erretiratu.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik
Eutsi goiari, Txente!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu