Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

Ez ahaztu, kirola da hau

Juanma Garate.
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Atseden eguna, hondartza, eguzkia... Horrela ibili garela pentsatuko duzue, ezta? Egin ezazue guk egin dugun etapa, eta gero hitz egingo dugu. Baina, tira, Kantabriako kontuak alde batera utzita, biharko [gaurko] etapari buruz hitz egin nahiko nizueke. Euskal Herrira itzuliko da Vuelta, eta ikuskizuna aintzat hartzen jakin behar dugula uste dut. Jendeak gozatu egin behar du gurekin, ematen ari garen ikuskizunarekin, eta gainerako historia guztiak alde batera utzi behar dira.

Horrelako gertaerak aintzat hartzen eta eurekin gozatzen jakin behar da. Ez dugu ahaztu behar hau kirol ekitaldi bat dela, eta benetan egurrean gabiltzanak kirolariak garela. Horrek izan behar du guztiaren oinarri. Bilboko amaiera ikusgarria izango da, Viveroko igoerarekin. Euskaltelek protagonista izan nahiko du, baina tropelean dauden euskal txirrindulari guztiak Euskaltelen ez gaudenez, niri ere gustatuko litzaidake protagonista izatea. Zergatik ez? Gogoa badaukat, gaur [atzo] ondo sentitu naiz, eta ea Viveron ondo erantzuten dugun.

Josebak, taldeko masajistak, etxera joan behar izan zuen, gaixorik, baina bizkaitarra da eta Vivero gainean zain edukiko dugu, laguntzeko prest. Ahal duen guztia egingo du gure alde. Eta, gainerakoan, zaleak Juanjo Cobori egiten ari diren harrerarekin nago erabat harrituta. Kantabriako zale guztiak gainean dauzka, eta batzuetan arriskutsua ere izaten da hori. Baina oso lasai dago. Burua argi dauka, eta bere buruarengan konfiantza handia daukala nabari da. Baina Bilboko etapak baino beldur gehiago ematen dit Gasteizen amaituko denak. Urkiolan gora Mentxovekin bakarrik uzten badute, eta gero Wiggins eta Froome kolpeka hasten badira...

Eta, ahaztu gabe, Movistar taldekoei animoak bidali nahiko nizkieke, Erbiti eta Intxaustiri bereziki. Birus batekin sufritzen ari dira, eta animo, mutilak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.