Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Guadalupetik

Ezin bada, ezin da

Juanma Garate.
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lehertuta nago, lur jota. Ezin dut gehiago. Robert [Gesink], Kreuziger, Beñat [Intxausti], ni neu... Tour honetan erori garen guztiok ari gara izugarri sufritzen. Erorketak ez dira ahazten zauriak sendatzen direnean. Erorketek arrasto luzea uzten dute, eta Tourrean dena da handiagoa, baita erorketen arrastoa ere. Hobera egin beharrean, okerrera egiten ari gara, gorputzak ez duelako erreakzionatzen. Beñat eta biok dena emanda gindoazen tropelaren atzealdean, baina pultsazioak ez ziren igotzen. Gorputzak ezin duela gehiago eman esan nahi du horrek. Pedalei eragiten diegu, ustez indar guztiarekin gainera, baina ez daukagu indarrik.

Horrela ezinezkoa da jarraitzea. Ez dauka zentzurik tropelaren atzealdean irauteagatik bakarrik irauteak. Ur bidoi bat hartu eta taldekideei emateko gai ere ez gara. Janaria ere ezin dugu hartu; taldekideek ematen digute eskura... Ezin dugu ezer egin, eta horrela ezinezkoa da aurrera egitea. Goiz batean jaiki eta bat-batean hobeto sentituko garen ilusioarekin jarraitzen dugu borrokan. Baina oso zaila da hori.

Oso gaizki jaiki naiz gaur [atzo], baina gorputzeko mina jasan daiteke. Hala ere, gorputzak ezin du gehiago. Ea igandeko etapa amaitzeko gai naizen, atseden egunean indarrak berreskuratzen saiatzeko. Taldeko medikuarekin hizketan aritu naiz, eta bihar [gaur] eusten badiogu, atseden egunean lasai egon eta astearte goizean erabakiren bat hartzekotan geratu gara. Burua hotz mantendu behar da horrelako erabakiak hartzeko garaian; eta ezin bada, ezin da, eta kito.

Hori bai, dortsala jarriko dut bihar [gaur], eta irteerara joango naiz. Ez da erraza izango helmugara iristea, oso etapa gogorra daukagula. Beñat eta biok atze-atzean gindoazen helmugara iristeko 40-50 kilometro falta zirenean, eta bera ez da gai izan kilometro horiek egiteko. Niri antzeko zerbait pasa dakidake hurrengo etapan, baina irtetea eta helmugara iristea da nire helburua.

Eta Robert ere nire antzera dabil. Ez dauka indarrik, eta edozein aldapatan atzean geratzen da. Gogorra zen ibilbidea, mendiko lehenengoa, eta izugarri sufritu du. Aurkariek estutu gabe ere, hurrengo etapetan bere kasa eroriko da, ezinean dabilelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.