Kontxako lehen jardunaldiak, banderen lehiari begira, bi ezusteko utzi dizkigu. Bi ezusteko eta bi protagonista: Zumaia eta Bermeo.
Rias Baixasek inor gutxik espero zuena egin zuen: kontua ia erabakita utzi. Zumaiari ateratako aldeak harritu gaitu, hala ere, gehien. Kanpotik begira, aitzakia gabeko saioa egin zuten gorriek; arraunketa oldarkorrarekin baina blokea mantenduz, eta ziaboga fina eginez. Azalpen posible bakarrenetakoa galiziarrez gain beste kontrario bat azaldu zitzaiela izan liteke: antsietatea. Erritmoz altu ibili ziren; gehitxo akaso. Kontxan ez du inork atzean geratu nahi, eta irten eta arraunketa egonkortzeko unean, ontzia mantsotu egingo den sentipena izaten da askotan; eta bere horretan segitzen da. Zaila da, ordea, norbere erritmotik gora saio borobila egitea; areago fruiturik jasotzen ez denean. Hori, noski, Zumaiarren errua adina, galiziarrena ere bada, tranpa horretan erori gabe aldamenekoak erorarazteagatik. Itsaso mugiturik ezean, nesken trapua gaiten doinupean banatuko da. Txanda ikusgarria ikusteko kontsolamendua baino ez zaigu geratuko zaleoi. Ez da gutxi.
Bandera erabakita gera zitekeela inon espero bagenuen, gizonezkoenean zen. Kaiku erakustaldiak egitetik zetorren; eta halaxe egin zuen berriro. Hori joan eta hori etorri! Minutu tentel bat ere ez zuten izan; eta hori zaila da hamar minutuko luzeetan. Baina zentzu handirik gabeko zigor batek eta bermeotarren saio bikainak emozioa pil-pilean utzi dute. «Mutilak! Hemendik aurrera olatuak hartuko ditugu!», oihukatu zuen Aranberrik laugarren minutua betetzear zela. Berezitasun hori ere badu-eta eremu hark; puntetatik kanporantz olatuak har daitezkeela. Ondo zekiten han zegoela gakoa. Ziabogara bizirik iritsiz gero, bueltan, olatuen zentzuari eta erreferentziak izateari probetxu aterata, trapurako lehian gera zitezkeen. Estrategia ulertzea erraza zen; betetzea, zaila. Eta bete egin zuten. Oraindik Kaiku da faboritoa, baina ez agian lehen bezain garbia. Bukaera polita datorkigu.
Arrauna. Kontxako Bandera. Arraun-minez
Ezustekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu