Zalantzaz betetako Tour baten bezperan gaudela esango nuke. Une honetan faborito nagusia nola dagoen, horixe da zalantzarik handiena. Eta faborito nagusi hori Alberto Contador da, noski. Lehen aldiz, Italiako Giroan lehiatuta eta irabazita iritsiko da Tourrera, eta ikusi egin beharko da irabazteko moduan dagoen edo ez. Berak besteen gain utzi nahi du ardura, fisikoki ondo-ondo ez dagoela argudiatuta. Baina estrategia kontua besterik ez da. Tourreko irteeran badago, irabazteko moduan dagoen seinale. Bestela ez zen etorriko.
Guretzat, egia esan, ona da Contador Tourrean egotea. Bera da faborito argia, eta, tira, sailkapen nagusian postu bat lapurtuko digu agian. Baina Saxo Bankek hartu beharko du lasterketaren ardura. Uko egin nahi dio ardura horri, baina ez du lortuko.
Guri dagokigunez, oraintxe aritu naiz hizketan taldeko prestatzaile fisikoarekin, eta Tourrera iristeko zenbateko lana egin dugun eta nola iritsi garen aztertzen aritu gara. Gure esku zegoen guztia egin dugu. Eta itzuli handi batera horrela iritsitakoan, ondoren ez dago kexatzerik. Emaitza ona edo ez hain ona lortuko dugu gero, baina aurreko lana zoragarri egin dugu. Taldeko kontzentrazioekin, familiarekin egoteko ordu askori egin diogu uko. Baina taldeko bederatzi txirrindulariok oso-oso sasoi onean gaude.
Horregatik, hasteko gogotsu gaude. Egunotan arraro sentitzen gara, sasoia galtzen ari garela sentitzen dugulako. Baina zenbakia jarri arteko kontua izaten da. Lehen etapari dagokionez, azken kilometroetan zazpi biribilgune daudela besterik ez dizuet esango. Irabazteko gutxi eta galtzeko asko dago.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Guadalupetik
Familiarekin egoteko ordu askori uko egin diogu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu