Beroketa lanak egiten ari gara jada. Dopin kontrola pasa genuen, Giroko aurkezpena ere egin zuten, eta hastera doa urteko hiru asteko lehen itzulia; aurreko urteetakoa baino pixka bat gizatiarragoa. Garai batekoen tankerakoa. Oso Giro polita eta mugitua izango dela uste dut. Bost urteren ondoren, eta emaitzarik onena lortu nuenetik hamar urtera, hemen nago berriz ere. Orduko ilusio berberarekin baina askoz esperientzia handiagoarekin etorri naiz. Aterik itxi gabe, dena lortzeko prest nago.
Errespetu handia diot Giroari, eta ahalik eta sasoi punturik onenean iritsi nahi nuen lasterketa honetara. Hasieratik argi esan nien taldeko arduradunei. Giroan ez nintzen lehiatu nahi taldebururen baten alde lan egiteko soilik. Barru-barruan daramat lasterketa hau, eta horregatik egin dut hainbesteko sakrifizioa azken asteotan. Buruz eta fisikoki, nire kirol ibilbideko momenturik onentsuenean nagoela esango nuke.
Esprintetarako egokitutako taldea da gurea, bost txirrindulari azkar dauzkagulako tartean. Beste lau gaude mendateetarako; presiorik eta ardurarik gabe, ea azti ibiltzea lortzen dugun. Tom Jelte Slagterri sailkapen nagusian lehiatzeko ardura jarri diote taldean, baina oso gaztea da oraindik, eta uste dut egunak igaro ahala jabetuko dela Giroa zein gogorra den. Hori bai, oso txirrindulari ona da, eta etorkizunean zeresana eman dezake.
Scarponi, Basso eta Kreuziger, hiru horiek ageri dira faboritoen zerrendan, baina, Contadorren gisako txirrindularirik ez dagoenez, Uran, Purito, Hesjedal... gisa horretako txirrindulariek ere aukera gehiago izan dezakete. Hori bai, Liquigas eta Lampreren esku egongo da lasterketaren ardura.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Hamar urtera, gaztetuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu