Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Hasi da zoramena!

Mikel Astarloza.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Aldaketa izugarria izan da. Lau egun eman ditugu Liejatik 20 kilometrora dagoen gaztelu antzeko hotel batean, kazetaririk gabe, Tourretik at bezala. Oso lasai egon gara, eta gaur —atzo— aitzin-etapara iristean sekulako jendetza zegoen. Ibilbide guztian bizpahiru ilarako jende uholdea egon da hesiaren beste aldean, eta oso polita izan da. Oso lasai egotetik zoramenera egokitu behar izan dugu oso denbora gutxian. Hasi da Tourreko estresa.

Eta hori kuriositate batekin kontatu nahiko nuke. Lasterketa guztietan irratia eramaten dugu zuzendariaren aginduak entzuteko, bolumen jakin batean, baina nik apenas entzuten eta ulertzen nion esaten zidana. Ez bolumena apal zegoelako, baizik eta hainbesteko zaratak uzten ez zuelako. Jada ahaztuta genuen Tourrean bolumena bera ere ozenago jarri beharra dagoela.

Lasterketari dagokionez, ezusteko gutxi egon da. Etapa irabazteko hautagai nagusia Cancellara zen, nire ustez, eta berak irabazi du. Evansek eta Wigginsek denbora galera oso txikiak izan dituzte, berriz. Zaku horretan sartuko nituzke Mentxov eta Nibali ere. Ia beste faborito guztiek erlojupeko kaskarra egin dute. Iruditzen zait moralki ez dela ona hain atzean hastea. Samuel Sanchezen kasuan ongi dago, eta konfiantzarekin jarraitzen dugu. Pertsonalki nahiko gustura sentitu naiz, baina ez denbora txukuna egin dudalako, ongi sentitu naizelako baizik. Baikor nago aurrera begira.

Eta bukatzeko, anekdota txiki bat kontatu nahiko nuke. Etapa amaituta, kazetari ingeles bat hurbildu zait, luzaketak egiten ari nintzela, eta ea galdera batzuk erantzungo dizkiodan galdetu dit. Nik baietz esan diot, ingeles mailarik onena eduki ez arren. Biharko —gaurko— Eurokopako finalaren inguruan galdezka aritu zait, eta nik Italiak irabaztea nahi dudala esan diot. Nik esandakoa idazten zuen bitartean barrez aritu da brometan ari nintzela pentsatuz, baina behin eta berriz esan diot Italiak irabaztea nahi dudala. Ez dut uste sinetsi duenik. Kuriosoa iruditu zait Ingalaterrako kazetari batek Euskal Herriaren egoeraren berri ez edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.